Bilduk bere babesa erakutsi die ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta HIRUk Lan Osasunaren Nazioarteko Egunean egin dituzten mobilizazioei. Koalizioak bat egin du eskubide sozial eta laboralek dakartzaten murrizketen kalteak salatzean, Euskal Herriko langileen bizi-kalitate eta osasunarengan eragina izango dutelako.
Bilduk “ezinbestekotzat” jo du lan osasuna osasun publikoaren baitan jasotzea. Izan ere, koalizioak gogorarazi duen legez, 2010ean 80 behargin hil ziren lan istripuetan eta 2011ko lehen lauhilekoan 18 hildako zenbatu dituzte sindikatuek Euskal Herrian. “Gehiegizko ekoizpen helburuak izateak lan istripuak eragiten ditu, jakin badakigulako segurtasun neurriak murrizten doazela etekin ekonomikoak lehenesten diren heinean”, Bilduk salatu duen legez.
Era berean, Bilduk Zapateroren gobernuari leporatu dio prekarietatea “dekretuz” areagotu izana, azken hau “lan istripu gehienen oinarrian” dagoela azpimarratuz. Modu honetan, Bilduk salatu du azken lan erreformaren bitartez “bereziki arriskutsuak direlako Aldi Baterako Lan Enpresek (ABLE) hartzea debekatuta duten lanen zerrenda” murriztu dutela.
Gainera, koalizioak “kontrol publikoa areagotzeko eskaera” luzatu du aseguru mutuek beharginak lanera bidaltzen dituztelako guztiz sendatuta egon gabe eta beste batzuk Gizarte Segurantzara bidaltzen dituztela “laneko gaixotasunak izan beharrean endekapenezko gaixotasunak direla argudiatuz”. Zentzu honetan, Bilduk nabarmendu du, egungo arazoak konpondu baino, erretiro adina atzeratzeak “lan istripu eta gaixotasun gehiago” eragingo dituela.
Hori guztia dela eta, koalizioak azpimarratu du lan harremanetarako eta gizarte-babeserako euskal esparrua sortu beharra dagoela. “Inoiz baino beharrezkoagoa da Euskal Herriak bere segurtasun eta lan osasuneko politikak erabakitzeko ahalmen normatiboa izatea”, adierazi duten legez.