Irudia: Soniko
Alternatibaren Koordinakunde Nazionaletik Bildu maiatzaren 22ko hauteskundeetan egotea galarazten duen Auzitegi Gorenaren 61 Aretoaren erabakia irmo errefusatu nahi dugu.
Erabaki erabat politikoa dela uste dugu, sostengu juridikorik gabekoa, eta berriz ere milaka eta milaka euskal herritar hile honetako bozetan hautatuak izateko eta hautatzeko aukerarik gabe utziko dituena, legalak diren erakundeen eta era guztietako indarkerien gaitzespenarekin konpromisoa ageri duten pertsonen parte-hartzea eragotzita.
Auzitegi Konstituzionalaren azken ebazpena edozein izanda ere, Auzitegi Gorenaren erabakia Espainiako Erresumak Alderdien Legearekin abiatutako inboluzio demokratikorako prozesu larria berreztera dator: poliziak eta epaileak dira agenda politikoa ezartzen dutenak; hauek PSOE, PSE eta PP alderdien interesen arabera erabiltzen dituzte; asmatutako konspirazioak inposatzen dituzte argudio juridiko eta legalen gainetik; kutsaduraren orbana da, eskubide indibidual eta kolektiboen ordez, zabaltzen dena. Hau ez da demokrazia, ez da Alternatibak babesten eta sustatzen duen demokrazia.
Gertatukoa ez da soilik euskal gizartearen eskubide zibil eta politikoen kontrako erasoa, aitzitik, egiturazko aldaketaren alde, euskal ezker subiranistaren baitan sortzen ari den apustu ausartaren kontra egin eta berau kriminalizatzeko ahalegina da ere, eskuineko indar guztiek, PPtik PSOEra, babesten duten eredu ekonomiko eta sozialari aurre egin nahi diolako. Egoera hau eragin duten berberek bizi dugun krisialdi sistemikoaren arduradunak dira: Espainiako Estatuan 5 milioi langabe utzi dituena, lan eskubideak eta pentsioak erreformatuta eskubide sozioekonomikoak urratzen dituena, sindikalgintza aldarrikatzaileari eraso etengabeak egiten dizkiona, etab. Ez da kasualitatea Maiatzaren Lehena aukeratu izana ebazpen deitoragarria iragartzeko, izan ere, ezker erredikalak gizarteari eskaini diezaiokeen eraldaketa sakona eragozteko helburua dute.
Aukera egin dute: merkatuak, transnazionalak eta bankuak dira haien aliatuak; gureak, aldiz, herritar klaseak dira, kaleko gizon-emakumeak, herritar guztien eskubideak. Ez dute inork haien zilegitasuna zalantzan jartzea nahi, ez dute ezker anitzen elkarlanerako esperientzia berriek haien ihesaldi zentzugabean itzal egitea nahi.
Horregatik, Alternatibatik honakoa adierazi nahi dugu, gerta daitekeena gertatuta ere, ez poliziak, ez justiziak ezta alderdi eskuindarrek ere ezinezkoa izango dute Euskal Herrian sortutako aldaketarako uholdea gelditzea; inork ezingo du ezkerreko indarrak bateratzeko esperientzia itxaropentsu hau geldiarazi; Alternatibak subjektu herritar eta borrokalari berri honen aldeko apustu sutsua egiten jarraituko du, demokrazioa faltsu honekin amaitu eta kapitalismoa zein egungo menpekotasun sistema guztiak garaituko dituena.
Haiek iraganaren parte dira, gu oraina eta geroa gara; haiek beldurra eta zapalkuntza ordezkatzen dute, eta guk itxaropena, demokrazia eta eskubideak.