Alternatibak gogor salatu nahi du Auzitegi Gorenak Bildu maiatzaren 22ko hauteskundeetatik kanpo utzi izana. Ezetza biribila eman nahi diogu erabaki politiko hutsa delako, oinarri juridikorik gabekoa, eta milaka eta milaka herritarrek hauteskundeetan parte hartzeko duten eskubidea urratzen duelako. Legalak diren bi erakunde eta indarkeriaren aurkako eta herritar guztien eskubide guztien aldeko konpromiso sendoa duten ehunka herritar utzi nahi dituzte demokraziatik kanpo.
Hala ere, Gorenaren epaiak ez ditu euskal gizartearen eskubide zibilak eta sozialak urratzen soilik, baizik eta nagusi den eskuinaren kontra Euskal Herriko ezker subiranistak sustatutako aldaketa estrukturalaren, sozialaren eta ekonomikoaren aldeko apustua kriminalizatu nahi du. Bilduren parte-hartze politikoa oztopatu dutenak dira, aldi berean, bankarekin eta enpresariekin bat egin dutenak. Eskubideak eta zerbitzuak murriztu dituzte merkatuen esanetara eta, bidean, 200.000 langabetu utzi dituzte Euskal Herrian eta 5 milioi inguru Espainiako Estatuan. Beraz, ez dute ezker indartsua erakundeetan aurrez aurre izan nahi.
Egun bizi dugun egoera honek agerian uzten du Alderdien Legeak Espainiako Erreinuan abiatu zuen inboluzio demokratikoa. Bihar Auzitegi Konstituzionalak hartzen duen erabakia edozein delarik, ez du gertatutakoa konponduko. Izan ere, azken egunotako gertaerek agerian utzi dute epaileak Alderdi Popularraren eta PSOEren agindupean daudela.
Aldi berean, ezin dugu ahaztu aurretik beste batzuk pairatu izan dutela Bilduk gaur egun bizi duen babesgabetasun egoera hau. Izan ere, azken hamar urte hauetan ehunka euskal herritarrei galarazi zaie parte hartze politikorako duten oinarrizko eskubidea. Gainera, milaka herritarrek ezin izan dute euren aukera politikoa askatasunez bozkatu. Alternatibak hasiera-hasieratik salatu du herritarrak hiru klasetan banatzen dituen lege lotsagarri hau: legalak, ilegalak eta kutsatuak. Demokrazia errealak ezin ditu kasta politikoak ontzat eman edo apartheid politikoa ezarri.
Lege hau babesten duten horiek lotsatuta egon beharko lirateke euren trikimailuak agerian geratu direlako. Ez dute bake eta normalizazio egoera nahi eta gezurretan ari dira horren alde lan egiten dutela adierazten duten bakoitzean. Euskal gizarteak ilusioz hartu duen prozesua oztopatu baino ez dute egiten, batez ere, Alderdi Popularrak eta PSEk euskal erakundeei eusteko eta aldundiak eta udalak eskuratzeko beharrezkoa duten faltsututako errealitate irudikatzen jarraitu nahi dutelako.
Espainiako demokraziak bere kalitate eskasaren eta gabezien froga berriak eman zituen atzo, Bilduko bozeramaileei demokraziaren etxea deritzon horretan prentsaurreko bat egitea debekatu zitzaienean. Beharbada pozik egon beharko ginateke korrupzioa darabiltenak, estatuaren terrorismoa gidatu zutenak edota frankismoa garai baketsua zela ziotenak hain ongi hartzen dituen tokian sartzea galarazi digutelako.
Euskal politikagintzatik Bilduk programarik ez duela esan dutenei ere erantzun nahi diegu. Izan ere, programak egiten eman dute denbora, ahalegin eta ilusio gehien Alternatibako gizon-emakumeek koalizioa martxan hasi zenetik. Horrexegatik, nahi duten guztien aurrean gure ideiak defendatzeko irrikan gaudela esan dezakegu. Ezin ahaztu, alabaina, hauteskundeetan egoteko aukera ukatzen digun egoera baten aurrean, gure aldarrikapen nagusia bozetan egoteko eskubidea exijitzea izango dela.
Biharko erabakia edozein izanda ere, inork ez dezala zalantzarik izan gure ideak euskal gizartera helduko direla, bozetan lortu ezin dutena zentzugabekeriaren indarrez lapurtu nahi dutenen aurrean egongo garelako. Alternatibak bere esku dagoen guztia egingo du ezkerreko indarren elkarlana inork geldiarazi ez dezala, ezkerrak egungo menpekotasun sistema guztiak, kapitalismoa eta demokrazia faltsua gainditu behar dituelako.
Azkenik, herritar guztiei dei egin nahi diegu bihar Bilboko kaleak iluntzeko zortziretan zeharkatuko dituen manifestazio nazionalean parte har dezaten hauteskunde demokratikoak eta ilegalizazioen amaiera aldarrikatzeko. Era berean, Euskal Herritik bertatik zein kanpotik heldu diren atxikimendu eta babes adierazpenak eskertu nahi ditugu, batez ere, atzoko mobilizazioetan gure herri eta hiriko kaleak bete zituzten milaka herritarrena.