Bere buruari demokrata deitu eta bere egunoroko jardueran demokraziaren esanahiaz ahazten diren horien hipokresi eta irakaspen faltsuen aurrean nekatuta gaudelarik; berrogei urtetako diktadura oraindik ere gaitzetsi ez duten horien ahotsean demokrazia hitza etengabe entzuten jarraitzen dugularik; herri honetan ematen den eskubide zibil, politiko eta sozialen urratzearen aurrean bizitza guztiko demokratak beste aldera begiratzen jarraitzen dutelarik; gaur demokraziaren bandera gure eskuetan altxatzera gatoz.
Manipulatua eta kasu askotan mespretxatua bada ere, gure antolaketa politiko eta sozialaren oinarria izan behar duen demokraziaren aldarrikapena eta defentsa ezin dugu alboratu. Horregatik, gaurkoan benetako demokrazia baten aldeko aldarrikapena egitera gatoz, pertsonak bere etorkizunaren jabe izango diren jendarte eredu baten aldarrikapena, zeinean elkarrekin bere etorkizuna eraikitzeko eta erabakitzeko parte hartzea bermatua izango duten.
Egun, erabaki garrantzitsuenak finantza foro murritzetan hartzen dira eta bankeroak gobernu ezberdinen politika nagusiak diseinatzen dituzte. Egun, klase politikoaren gehiengoak eredu neoliberalak bultzatzen dituen eskubide sozialen murrizketak eta pribatizazioak bereak egiten ditu. Egun, ordezkaritza instituzionalak inbertsio edo proiektu handien inguruko erabakiak herritarrei bizkar emanez hartzen ditu arazo konplexuak direla esanez edota diskurtsotik harantzago ez doan parte hartzea irudikatuz. Eta egun, herritarrei eta langileei parte hartzea eta erabakitzea ukatu egiten zaigu iraunkorki. Horregatik, eta horren aurrean, logika politiko berri bat aldarrikatzera gatoz. Paradigma berri bat, zeinean gizon eta emakumeen parte hartzea eta erabakia lehenetsiko den, instituzioak borondate horren zerbitzura egungo diren eta erabaki politikoak ekonomian eta merkatuan eragingo duten. Eta ez egun gertatzen den bezala, bi hauek politikan eragin bere baitan ustelkeria zabaltzeko.
Baina logika berri bat aldarrikatzea ez da nahikoa norabide horretan konpromiso zehatzak hartzen ez baditugu eta hau behar du izan hain zuzen gure jardueraren ezaugarri nagusia: konpromisoak hartu eta praktikara eramateko gaitasuna erakusten dugula. Eta ez etorkizun urrun edo utopiko batean, hurrengo legealdian baizik, konbentzituta bai gaude hurrengo lau urte hauen ezaugarri nagusia instituzioetan sartzera doan haize berria izango dela.
Norabide honetan gure jarduerarako konpromisoak elkarloturik dauden hiru esparrutan gauzatzen dira: Demokrazia ordezkatzailea, demokrazi partehartzailea eta demokrazia zuzena.
Demokrazia ordezkatzailearen inguruan
- Herriaren, eta bereziki herriarekin, ordezkariak izateko konpromisoa hartzen dugu. Honek esan nahi du uko egiten diogula kasta politiko berezi baten partaide izateari eta betikoak izaten jarraitzeko konpromisoa hartzen dugula. Politikak eta boterea ez gaituztela aldatuko eta herri bakoitzeko eskaera herritarrak ezagutzeko eta harreman zuzena izateko gure esku dagoen guztia egingo dugula.
- Ordezkari publikoak garen heinean gure sarrera ekonomiko eta ondarearen inguruan kontuak ematera behartuta gaude. Ondorioz, beharrezkoa izan daitekeen informazio guztia emateko konpromisoa hartzen dugu jarduera politiko garden bat bermatuz.
- Edozein ustelkeri susmo baten aurrean gure kargua dagokionaren esku uzteko konpromisoa hartzen dugu eta era berean, honen araberako inputazioak zuzenean gure karguaren erretiratzea suposatuko luke
- Kontratazio eta kudeaketa publikoa eta zuzenaren aldeko konpromisoa hartzen dugu, hori baita ustelkeria ekiditeko tresnarik eraginkorrena eta publikotasuna, meritua eta berdintasuna bermatuko duten politikak aurrera ateratzeko biderik egokiena.
- Norabide horretan konpromisoa publikoa hartzen dugu gobernatuko ditugun udal zein instituzio guztietan kudeaketaren auditoriak burutuko ditugula bai legealdiaren hasieran zein amaieran.
Demokrazia parte hartzaileari dagokionez:
- Herritarren artean parte hartzearen kultura hedatzeko konpromisoa hartzen dugu. Horretarako behar adineko baliabide ekonomiko eta humanoak jarriko ditugu, norabide horretan ezinbesteko izango diren hezkuntza, sentsibilizazio, boteretze dinamikak bultzatzeko eta eraginkorra eta kalitatezkoa izango den parte hartzea bermatzeko.
- Konpromisoa hartzen dugu udal zein diputazioen ateak mugimendu sozial eta elkarte herritarrei irekiko dizkiegula. Horretarako, politika zehatzak landuko ditugu eguneroko jardueran orobat herritarron eta zehazki emakumeen eta gazteen parte hartzea ahalbideratzeko.
- Auzo elkarte eta eragile sozialen parte hartzea ahalbideratzeko beharrezkoak suertatu daitezkeen mahai sektorial, lurralde kontseilu edo bestelako tresnak martxan jartzeko konpromisoa hartzen dugu, garatuko ditugun politika publiko ezberdinetan bere inplikazioa lortzeko
- Konpromisoa hartzen dugu pertsona zein eragile sozialen parte hartzea ahalbideratuko dituzten aurrekontu parte hartzaileak garatuko ditugula, baita informazio gardena bermatuko duen aurrekontuaren kudeaketa publiko batekin.
- Plan sektorial edota orokorrek herritarren parte hartzea ezinbestekoa dute eta ondorioz konpromisoa hartzen dugu parte hartze eraginkor eta erreala bermatuko dituzten tresnak ahalbideratzeko
- Kudeaketa publiko eta garden batekin hartu nahi dugu konpromisoa. Gure jardueraren berri herriari, herritarrei eta edonolako kaltetuei informatzea lehentasuna izango delarik eta informazio hori bermatzea gure lanaren ardatz nagusia bilakatu behar delarik
Demokrazia zuzenari dagokionez:
- Konpromisoa hartzen dugu erreferendum eta herri galdeketetara joko dugula herri borondatearen zilegizko adierazpen gisa. Izan daitezela, emakumeak eta gizonak, gazteak eta helduak, lehen pertsonan, gure herriei eragiten dieten proiektu garrantzitsuenen aurrean erabakiak hartuko dituztenak.
- Konpromisoa hartzen dugu beharrezkoak izango diren baliabide ekonomiko eta humanoak jarriko ditugula herri galdeketa eta erreferendumak egin ahal izateko eta aukera guztiak askatasunez adierazi ahal izan daitezen.
Hauek dira benetako demokrazia baten aldeko gure lehen konpromisoak. Euskal Herriak, bere herrialde bakoitzak eta udalerri guztiek benetakoa aldaketa politikoa eta soziala behar dute eta guk gure esku dagoen guztia jarriko dugu aldaketa horren ezaugarri nagusia eragile sozialen eta herritarren parte hartzea izateko. Konprometitu zaitez gurekin!
EUSKAL HERRIAN Maiatzaren 11ean