Gaurkoan Enkarterrira hurbildu gara, krisialdi ekonomikoa sortu ez baina bere ondorioak pairatu dituztenei hitza emateko. Euskal Herrian izan ditugun politika ekonomiko eta enplegu politika lazgarriak salatu behar ditugu. Ez dira pertsonen zerbitzura dauden politikariak, kapitalaren aginduetara murgildutakoak baizik.
Horregatik etorri gara hona, leku adierazgarria delako. Ia urte oso bat igaro baita Thyssenkrupp enpresa alemaniarrak PSOEk eta EAJk adostutako lan erreforma baliatu zutela 120 langile kalera botatzeko. Hemen ere, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Jose Luis Bilbaok, Habidite proiektuaren gezurra saldu nahi izan zigun, 1100 lanpostu sortuko zituela agindu zuen hauteskunde garaian: Gezur galanta! Proiektua ez zen inoiz gauzatu, ezta agindutako enpleguak ere ez. Birrindutako lurra eta obra hondakinak besterik ez daude hemen, gure agintariek ekarritakoaren sinbolo bikainak dira: industria eta enplegurik gabeko basamortua.
Ez dezagun gure burua engainatu: EAJk, PSOEk eta PPk aukera politiko desberdinak direla sinestarazi nahi digute, baina ez da egia. Lan eskubideak murrizteko eta korporazio handien gehiegikeriei alfonbra gorri bat jartzeko orduan erabateko adostasuna dute, espekulazioa sustatzen dutenei laguntzeko orduan bat egiteko inolako oztoporik ez dute. Kanpora begira enpleguaz hitz egiten dute baina, bulegoetan, herri honetako langile klaseari lapurtzeko moduak negoziatzen dituzte banka eta patronalarekin.
Haiek dira prekarietatera kondenatu gaituztenak, zabor kontratuak, soldata ziztrinak eta behin-behinekotasuna ezarri dizkigutenak. Lasai asko egiten dute guzti hori, agintean dauden alderdietako bakar batek ere txintik esan gabe. Aldiz, onartu beharreko kalte txikia bailitzan justifikatzen dute haien erasoa. Bitartean, emakumeak, gazteak eta etorkinak dira krisialdiaren kalterik bortitzenak pairatzen dituztenak, eredu ekonomiko eta sozial guztiz bidegabe eta insolidario baten ondorioz, sistemaren prekarietatean bizitzera zigortuta bizi direnak.
Pobreziak gora egiten duen bitartean, langabeen kopurua neurririk gabe biderkatzen dela, hain modu txarrean gobernatzen gaituztenek zerbitzu sozialen pribatizazioa bultzatzen dute, zerbitzu sozialak azpikontratu egiten
dituzte prestazio publiko guztiak xahututa: pentsio publikoen sistema, langabeen prestazioak edota oinarrizko errenta.
Baina boterearen gehiegikeriak amaitzera doaz. Merkatuen exijentzia zitalei EAJk, PSOEk eta PPk erakutsitako mantsotasunaren aurrean Bildu borrokatzeko prest dago, herritarren eta gabezia gehien dituztenen alde. Langabeziari aurre egiteko erakutsi duten gaitasun faltaren aurrean, Bildu osatzen dugunok ekonomia sozial eta solidarioaren aldeko apustua egiten dugu, lan kooperatiboaren eta sektore alternatiboen aldekoa.
Lan harremanen eta zerbitzu sozialen euskal esparruen defentsan, gure ekonomia eta gure sektore produktiboak berregiteko konpromisoa eta ardura geureganatu dugu, eredu zaharkituaren aurka: desberdintasun sozial gehiago, ingurumenaren suntsiketa gehiago, langabezia eta hondamenabesterik ez dakarren ereduaren aurka.