EH Bilduk adierazi du hurrengo abenduaren 6a ez dela jai eguna izango Euskal Herriko subiranistentzat, eta jai egun hori aldarrikapen egun bihurtuko duela. Era horretara, manifestaziora deitu du abenduaren 6an, Espainiako Konstituzioaren 40. urteurrenean. Eguerdiko 12:00etan hasiko den mobilizazioak Bilboko kaleak hartuko ditu, Plaza Eliptikotik Arriagara.
“Gure herriari Espainiako Konstituzioa inposatu ziotenetik 40 urte betetzen direnean, Espainiako Konstituzioa gure herriaren askatasun nahiak lotzeko giltzarrapoa baino ez dela sinesten duten euskal herritarrei Bilboko kaleetara ateratzeko gonbita egiten die EH Bilduk. Herri honen erabakitzeko eskubidearen eta bere egikaritzearen alde dagoen gehiengo politiko eta soziala da giltzarrapo hori irekiko duen giltza. Euskal Errepublika libre eta duinean bizi nahi duten euskal herritar guztiek hitzordu garrantzitsua dute abenduaren 6ko eguerdian”, agertu dute Oihana Etxebarrietak eta Oskar Matutek, Donostian egindako agerraldian.
Etxebarrietak gogora ekarri du 40 urte joan direla Espainiako Konstituzioa onartu eta indarrean jarri zutenetik eta Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan ez zuen behar besteko onarpenik izan konstituzio horrek. “Duela 40 urteko euskal jendarteak argi eta garbi adierazi zuen Espainiako Konstituzioa ez dela berea. Argi esan zuen ezin zuela bere egin 78ko Erregimena egonkortzeko helburua baino ez zeukan konstituzioa, hau da, ezin zuela onartu herri honetan eta jendarte aske eta justuetan bizi nahi duten herritarren artean hain oroitzapen txarrak dituen aurreko erregimenaren aurpegi garbiketa bat.
40 urte joan dira, eta 78ko Erregimenak -eta beraz, Espainiako Konstituzioak- konpontzeke utzi zituen arazo politikoak kalean eta instituzioetan daudela zehaztu du EH Bilduko legebiltzarkideak. “Hautestontziak jarri eta herritarrei beren etorkizun politikoaren jabe izan eta Kataluniako Errepublika sortu nahi zuten galdetzeagatik Espainiako estatuaren neurrigabeko erantzun basatia pairatzen ari da herri katalana”, azpimarratu du.
Etxebarrietaren hitzetan, Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubide demokratikoa daukala uste duen gehiengo politiko eta soziala dago gure herrian. Erantsi duenez, gehiengo hori behin baino gehiagotan agertu da azken urteotan, besteak beste, Gure Esku Dagok deitutako mobilizazio erraldoietan. “Arlo politiko eta instituzionalean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan erabakitzeko eskubidearen alde dagoen gehiengo politikoak estatus politiko berriaren oinarriak ezarriak ditu eta, modu horretara, agortutzat eman du Gernikako Estatutua. Eta Nafarroan, modu eraginkorrean ari dira lanean aurreko Erregimena instituzioetatik ateratzea ekarri zuen aldaketa egonkortzeko”.
“Baldintza eta egoera politiko eta sozial guztiek ekarri dute 78an aurpegi garbiketa behar zutela erabaki zuten indar politikoek mozorro guztiak kentzea eta eskura dituzten baliabide eta tresna guztiekin beren erregimena defendatzea, hau da, Espainiaren batasun hautsi-ezina defendatzea”, esan du Etxebarrietak. “Atzeraldi demokratiko nabarmenean murgilduta dago Espainiako estatua. Herri honetako zein Espainiako estatuko subiranista guztiei elkar hartuta eta partekatutako estrategiarekin jokatzera behartzen gaitu atzeraldi demokratiko horrek. Datorkigunaren aurrean, gure herrian zein aske eta burujabe izan nahi duten Espainiako estatuko beste herrietan, elkar hartuta, ausardia politikoaren eta herri eta etorkizun ikuspegiarekin jokatzera behartuta gaude”.