Alternatibak EAJren erabakia salatu du, Kongresuan emandako abstentzioarekin “krisialdiaren hasieratik Zapateroren Gobernuak egin duen ereformarik murriztaile, bidegabe eta antisozialenetako bat babestu” duelako berriz. Hala adierazi du Ander Rodriguez Gipuzkoako Batzar Nagusietako Alternatibako bozeramaileak Espainiako kongresuan ostegun honetan hainbat taldek pentsioen erreforma geldiarazteko aurkeztutako egitasmoa atzera bota zuen batzarraren harira. Izan ere, jeltzaleen jarrerarekin, PP eta UPNren abstentzioekin eta CIUren aldeko bozkarekin batera, erreforma udan onartzeko aukera ireki dute.
Oraintsu arte “kanpainan promesak egiten ari ziren berberek euskal herritarrei traizioa egiten dietela” deitoratu du Rodriguezek. Hala, EAJri gogorarazi dio “langileen eskubideen aurkako eraso berri baten konplize” bilakatu dela, langileen bizi baldintzei kalte egingo dien erasoa, “urte gehiagotan lan egitera eta haien bizitzako tarterik zailenetako batean gutxiago kobratzera zigortuko dituena”.
Alternatibatik, Valeriano Gomezen hitzak berraztertu nahi izan ditu Rodriguezek, la nministroak esan baitu “sinplifikatzea izango litzatekeela erreforma erretiro adina atzeratzea besterik ez dela esatea”, askoz ere gehiago dakarrenean: “Euren lanpostua galdu ez duten edadekoak esplotatzea, gutxien kotizatu duten emakume eta gazteak miseriara zigortzea eta, batez ere, inolako lotsarik gabe pentsio pribatuen alde egitea bankaren mozkin iraingarriei mesede egiteko”.
Guzti horregatik, Alternatibak “basakeria liberalizatzaileak lan eta gizarte eskubideak berriz zanpatu ez ditzan” joka dezatela galdegin die dagokien guztiei eta, horrela, sindikatu eta alderdiei “merkatuen aginduetara gobernatzen dutenen pentsioen erreforma ez babesteko”eskatu die, “ez isiltasunarekin ezta aldeko botoekin”.