Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek “zentzuz jokatzeko” eskatu die Aurore Martin Batasuneko militantea bere jarduera politikoagatik atxilotu nahi duten Paris eta Madrilgo gobernuei. Ideiak “espetxeratzen jarraitu” nahi duten buruzagi politikoen “egoskorkeria” deitoratu du Matutek, “normalizazio politikoa nahi duen euskal gizartearen gehiengoaren kontra” doazelako.
Aurore Martini leporatzen dioten delitua militantzia politikoarena dela gogorarazi nahi izan du Martinek eta, horregatik, atxilotu eta espainiaratzeko agindua gauzatu ez dadila eskatu duten erakunde, eragile eta ordezkari anitzekin bat egin du Alternatibak.
Ezkerreko erakundeko bozeramaileak berriz azpimarratu du bakea eta normalizazioa beharrezkoa dela, era guztietako eskubideen urraketak gaindituz, “euskal gizarteak eskubide guztiak aldarrikatzen dituelako”, partaidetza politikoarena barne.
Azkenik, Alternatibak datozen asteetan pertsona guztien eskubde guztiak aldarrikatzeko euskal hirietako kaleak zeharkatuko dituzten elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egin die herritarrei.