Alternatibak hitzaldia egin zuen joan den urtarrilaren 24an bere Donostiako egoitzan, ezkerraren eta eraikuntza nazionalaren arteko lotura aztertzeko. Horretarako, eskarmentu handiko bi hizlarik hartu zuten parte solasaldian: Joxe Iriarte “Bikila”, Alternatibaren Koordinakunde Nazionaleko kidea, idazlea eta euskal ezkerreko militante historikoa; eta Jule Goikoetxea, filosofoa, ekintzaile feminista eta EHUko irakaslea.
Estaturik gabeko nazioetan eztabaida etengabe bezain korapilatsua izaten da hitzaldian jorratutakoa: burujabetzaren edota eskubide sozialen aldeko borrokaren artean lehentasuna zeinek duen. Askorentzat txanpon beraren bi aldeak dira, guztiz banaezinak, baina bada uztartze hori ezinezkotzat jotzen dutenak. Horren inguruan aritu ziren.