Alternatibaren hamargarren urtemugaren harira Bilboo Uriolak egin eta Argiak argitaratutako elkarrizketa gure bozeramaile Oskar Matuteri:
Abenduaren 13an 10 urte bete dira Alternatiba jaio zenetik, 2008ko egun berean Bilboko Bidebarrieta liburutegian aurreneko batzarra egin zenetik. Hori dela eta, larunbatean, abenduak 15, ekitaldia egingo dute Bilboko Itsas Museoan eta bere bozeramailea den Oskar Matuterekin egon gara.
2008ko abenduaren 13an sortu zen Bilbon, Zergatik erabaki zenuten Ezker Batua uztea eta alderdi politiko berri bat eraikitzea?
Esan beharra dago Alternatiba egun osatzen dugunon artean, gutxiengo bat datorrela beste alderdi horretatik. Sorreran ere, batzuk baginen Ezker Batua-ken ibilitakoak, baina beste asko mugimendu sozialetatik zein ezkerreko beste talde txikietan aritutakoak ziren. Orduan baziren hamaika arrazoi, baina azken batean bakarrarekin nahikoa genuen, euskal ezkerreko indarren arteko elkarlana sustatzea ezinbestekoa zela ikusten genuen, eta hori gauzatzeko beste esparru bat behar genuen. Asmoa ez zen beste sigla bat gehitzea eremu politikoan, baizik eta elkarlan hori ahalbidetzeko zubiak eraikitea.
10 urte pasa dira egun horretatik. Nola ikusten duzue egindako ibilbidea? Zein da barrutik ematen diozuen balorazioa?
Egia esan ez dirudi hainbeste denbora pasa denik, baina gero pentsatzen hasia, eta denbora honetan emandako hainbat gertaera kontuan izanik (ETAren amaiera, finantza merkatuen krisialdi gisa saldu diguten lapurreta, Nafarroan edo Gasteizen eskuin faxista kanporatu izana…), garai zirraragarriak izan direla ondorioztatu behar dugu.
Lehen esan bezala, Alternatiba helburu jakin batekin sortu zen, ezker subiranistaren elkarlana sustatzea, eta helburu hori EH Bildu bezalako proiektuan gorpuztu dela kontuan izanik, pozik egoteko moduan gaude. Noski, ezin ahaztu inguruan dugun guztia, faxismoaren gorakada kasu, edota kapitalismoaren nagusitasuna, baina aldi berean azpimarratu behar dugu nahiko denbora laburrean Euskal Herriko bigarren indar politikoa bilakatu garela.
Zer eskaintzen dio Alternatiba alderdiak Euskal Herriari?
Egia da askorentzat zaila izan daitekeela, gaur egun, EH Bildun bat egin dugu indarron artean desberdintasun handiak topatzea, baina badira, eta onerako gainera. Ezkerra ulertzeko askotariko familiak bildu dira proiektu honetan, sozialismoa helburu dugunotatik hasi eta beren burua sozialdemokratatzat hartu dezaketenekin amaitu. Balio handia da hori, komunean dugun guztia, asko dela, banatzen gaituenaren gainetik kokatzen asmatu dugulako.
Edozelan ere, Alternatibaren oinarrietako bat borroka guztiak aldi berean garatzeko konpromisoarena da. Alegia, ez dezagun borroka bat alboratu edo atzeratu beste bati lehentasuna emateko; adibidez, ez dezagun esan lehenengo eta behin sozialismoa ezarri eta independentzia eskuratu behar dugula feminismoaren alde borrokatzeko. Guztiak maila eta une berean eman beharreko borrokak dira guretzat.
Bestetik, ñabardura bat dago guregan, alderdi gisa ez dugula gure izaera independentistatzat jo. Seguruenik, gure militanteen artean gehiengoak bozkatuko lioke baietz Euskal Herriaren independentziaren aldeko galdeketa bati. Baina harago joan behar garela sute dugu, eta independentzia baino, burujabetza aldarrikatu. Izan ere, eta tamalez Greziarekin ikasi dugun bezala, herri bat independentea izan daiteke, baina aldi berean Troika edo bestelakoen menpe bizi. Gure bizitzari eragiten dioten gai guztien inguruan burujabe izan behar dugula diogu, eta hori ez digu inongo banderarik bermatuko. Noski, independentzia tresna oso eraginkorra izango da subiranotasunaren bidean, baina ez da, inondik inora, askatasunaren bidean azken geltokia euskal herritarrentzat.
Alternatiba sortu eta gutxira EH Bildu koalizioan sartzea erabaki zenuten. Zergatik?
Sartu ez, sortu egin genuen, ni neu izan nintzen notariorenean sinadura jarri zuen lehenetariko bat. EH Bildu sortu aurretik ere, kalean zein erakundeetan elkarlanean aritzen ginen gerora koalizio kide izan genituen alderdiekin. 2010etik, esaterako, ekimen komunak bideratzen genituen Batzar Nagusietan. Eta Bilbo bezalako hiri batean, Kalea guztiona da tankerako ekimenetan bat egiten genuen.
Denborarekin, Gernikako Akordioa edota Euskal Herria Ezkerretik bezalako urrats garrantzitsuak heldu ziren, eta azkenean, 2011n, Bildu osatu genuen udal eta foru hauteskundeetan elkarrekin aurkezteko. Alternatibaren bide naturala zen hori, indar ezkertiarrekin batera aritzea.
EH Bildu koalizioan sartu eta lehenengo Eusko Legebiltzarrera, eta orain Madrilera, Kongresura. Zein da zure lana, zer egiten du euskal ezkertiar batek bertan?
Naturala aipatu dudala, hemen kontrakoa esan behar, ez baita eremua naturala euskal herritar batentzat Madril, ezta euskal politikari batentzat ere, ez bada, beste batzuen modura, menpeko izatera joatea atsegin duzula. Baina hala ere, ezin dugu ahaztu eragiten diguten politika askoren sorburua Madrilen dagoela, eta horregatik da garrantzitsua euskal ezker subiranistaren ahotsa han izatea.
Aldi berean, nazioen kaiola dugun estatuko beste herri batzuekin hartu-emana garatu eta elkartasuna jorratzeko abagunea da ere Madril. 78ko erregimena maskara gabetzeko lan egin daiteke handik, eta uste dut ongi ari garela lan horretan, gure aurretik Sabino Cuadrak, Onintza Enbeitak eta beste askok egin zuten bezala.
Datorren larunbatean, abenduak 15, ekitaldia egingo da Bilboko Itsas Museoan 10. urtemuga ospatzeko, zer antolatu duzue?
Alderdi txikia garela kontuan izanik, gure neurriko ekitaldiarekin hasiko dugu eguna, Bilboko Itsas Museoan ondo diozunez. Militanteak eta gertuko eragile sozial, sindikal eta politikoetako ordezkariak bilduko ditugu. Ekitaldi politiko formala egitea baino, benetako ospakizuna egiten saiatuko gara, ezkerrak ospakizunetarako aukera gutxi izaten baititu. Ekitaldira gonbidatu gabe ere etortzeko gogoa duen edozein ongietorria izango da ere, 11:30etatik aurrera.
Arratsalde partean ere, ospakizunarekin jarraitzeko asmoa dugu. Hika Ateneon jarraituko dugu festa, lehenengo eta behin, 17:30etatik aurrera hitzaldi batekin. Horrela esanda, akaso ez dirudi planik dibertigarriena, baina hizlariak Jonathan Martinez eta Irantzu Varela gure kideak izango dira. Beraz, aspertzeko tarterik ez digute utziko. Ondoren, musika ikuskizunak izango ditugu, Txanba Payes kantaria, Oier Aslaren kontzertu parte-hartzailea eta Pushermen taldearen kontzertua. Gauak ematen duenera arte.
Gerora ere, apirilera bitarte hitzaldi sorta interesgarria antolatu dugu urtemugaren harira. Arrasaten hasiko da datorren astean, baina Bilbon ere hainbat hitzordu izango ditugu, esaterako Jordi Borrasekin urtarrilaren 12an.
Orain beste 10 urte betetzera, zein da Alternatibaren helburua?
Duela hamar urte esan genuen “hiltzeko jaioak” ginela. Eta oraindik ere hala dela uste dugu. Ez dakigu noiz arte, baina oraindik ere euskal gizarteari eta euskal ezker subiranistari ekarpen kualitatibo bat egiteko gai garela uste dugu, horregatik egiten dugu aurrera. Baina gure helburu politiko guztiak EH Bilduren baitan ordezkatuak ikusten ditugun egunean, seguruenik gure militantziak erabakiko du horraino heldu dela gure bidea. Hor dago, esaterako, Aralarrek egin zuen hautua, koherentziaz betea. Ez dakit beraz 15 edo 20 urte beteko ditugun, baina badakit Alternatiba desagertu edo ez egun gauden guztiok ezkerreko mugimendu sozial zein politikoetan militatzen jarraituko dugula.
10 urtez Euskal Herriko ezkerra eraldatzeko lanean. Hori lortu daiteke?
Utopia guztiekin gertatu bezala, bidea da garrantzitsuena halako erronka bati heltzen diozunean. Ezkerrak behin eta berriro asmatu behar du bere burua eta izaera, militantzia joerak aldatu egin dira eta ezin gara duela hamar edo hogei urteko moldeetan geldirik egon. Seguruenik, eta beste borroka ugarik bere garrantzia izanda ere, borroka feministaren bidetik helduko da, ez bada dagoeneko heldu dela, ezkerrak behar duen eraldaketa nagusia.