Lurra eta Pakearen alde ‘Encuentro nacional de comunidades campesinas, indígenas y afrodescendientes por la tierra y la paz; El Diálogo es la Ruta’ Barrancabermejan, Magdalena Medio eskualdean(Kolonbia), gaurtik eta astelehenera bitarte egingo duten topaketan parte hartuko du Alternatibak. Bihar, jardunaldien bigarren saioan, bakearen aldeko bertako zein nazioarteko esperientzien berri emateko orduan izango da eta bertan aurkeztuko du Alternatibak Euskal Herriko normalizazio prozesuaren inguruko esperientzia ezkerreko ikuspegitik.
Bizkaiko batzarkide ohi eta Alternatiba Gazteak-eko bozeramaile Jonathan Martinez izango da, besteak beste, Alternatibaren izenean hitz egiteko Topaketaren Aldeko Nazio Komiteak antolatutako jardunaldian. Nekazal munduko eta Giza Eskubideen aldeko hainbat erakundek sustatu dute topaketa, Asociación Campesina del Valle del Río Cimitarra elkartea barne, Kolonbiako Bakearen 2010eko Sari nazionala jaso zuen berberak. Sariketak bultzatu zuen, hain zuzen ere, topaketa hau egitera.
Jardunaldien helburu nagusia Kolonbian bakea lortzeko proposamen politiko negoziatuak elkar trukatzeko gunea sortzea da, nekazal eta indigenen komunitateen esperientzietatik abiatuta eta Gobernuarekiko zein Kolonbian bakea lortzearekin tematuta dauden eragile guztiekiko elkar trukaketa sustatuz. Lurra, Lurraldea, Natur baliabideak, Demokrazia, Eskubideen Bermea ea bakerako Politika nazionala izango dira eztabaidarako oinarriak.