Datorren ostiralean, martxoak 15, Alternatibak hitzaldia antolatu du Bilbon, ingurumenari lotutako erronkak eta hauen ondorio sozialak aztertzeko asmoz. Horretarako, Nuria del Viso Pabon eta Luis Gonzalez Reyes adituak bilduko ditu Iñaki Barcena Hinojalek gidatuko duen solasaldian. “Ingurumenaren erronka eta bere ondorio sozialak” izenburupean, ekitaldiaren helburua sistemaren mugaz gaindiko ekoizpenak eta baliabide natural zein energiaren gehiegizko erabilerak ekarriko dituzten kalteak jorratzea izango da.
Nuria del Viso Pabon antropologoa da eta FUHEM fundazioko arlo Ekosozialeko taldeko kidea. UNEDeko Antropologia masterra, Madrilgo Unibertsitate Complutenseko Kazetaritzan lizentziaduna eta UNEDekin Bakea eta Segurtasuneko ikasketa aurreratuetan diplomaduna. Hainbat komunikabideetan eta gobernuz kanpoko erakundeetan garapenerako laguntzan ere aritu da lanean. 2004tik FUHEMen lan egiten du, bakegintzan eta segurtasunean, baita gatazka sozioekologikoetan ere.
Luis Gonzalez Reyes Ecologistas en Accion-eko kide da hastapenetatik 2015era arte, Idazkaritza Konfederalean, koordinatzaile lan partekatuan 9 urtez. Kimikan doktorea, trantsizio ekosozialak ahalbidetzen dituen Garua kooperatiboko bazkide da. Formakuntzan eta ikerkuntzan aditua da ekologismoan zein pedagogian eta arlo hauetan unibertsitate desberdinetan parte hartzen du maiz. FUHEMen ere aritzen da, fundazioaren hezkuntza zentroetako ekosozializazio arduradun gisa. Ekologismo sozialari lotutako alderdi desberdinetako hogei bat liburu kaleratu ditu, bakarrik edota beste lagunekin batera.
Moderatzaile zereginetan Ekologistak Martxan-eko Iñaki Barcena Hinojal arituko da. Zuzenbidean lizentziaduna, Zientzia Sozial eta Politikoetan doktore, Euskal Herriko Unibertsitateko katedraduna da. 1984tik irakaslea eta ikertzailea da EHUn, bestelako unibertsitateetan ere klaseak eskaini dituela (Bradford, Hanburgo edota Nevadan). Parte Hartuz ikerketa taldeko koordinatzailea da eta Ecologia Politica, Viento Sur eta Zer aldizkarietako editorea da.
Hitzaldia hurrengo ostiralean, hilak 15, egingo da Bilboko Hika Ateneon, arratsaldeko 18:30etatik aurrera. Alternatibaren 10. urtemuga ospatzeko antolatutako hitzaldi sortaren baitan dagoela, solasaldia sarrera askekoa izango da aretoa bete arte.