Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek Auzitegi Nazionalak “bakeari jarritako hamaikagarren oztopoa” deitoratu du gaur, Arnaldo Otegi, Rafa Diez eta Bateragune auziko gainerako kideak zigortzen dituen epaiaren harira. Era berean, “zentzugabea” iritzi dio gatazka gainditzeko bide politikoak eraikitzeko lanean aritu diren pertsonei erakunde armatu bateko kide izatea leporatzeari.
Alternatibak epai “bidegabea eta krudela” salatu du, “zuzenbide estatutzat saldu nahi digutenaren justizia gabezia agerian” uzten duelako. Zigorrak, halaber, “parte-hartze politikorako eskubidea desegin, ideien adierazpen askatasuna zentsuratu eta biltzeko eskubidea urratzen du”. Matutek gogorarazi duenez, epaiketan bertan Otegik berak berretsi eta argitu du ezker abertzaleak “bide politikoen aldeko hautu bakarra” egiten duela. Honen aurrean, izaera politikoa izan duen prozesuan, Auzitegi Nazionalak “milaka eta milaka gizon-emakumeek Madrildik iraunarazi nahi duten gatazka gainditzeko itxaropenak jipoitu dituzte”.
Alternatibako bozeramaileak azpimarratu duenez, Espainiako sistema judizialaren beste erakunde batek, fiskalburuak, “Moncloara laster bizilagun are totalitarioagoa heldu daitekeela aurreikusita akaso”, Auzitegi konstituzionalari Sortu ez legeztatzeko eskatu berri dio, “horrek argi eta argi uzten du noraino dagoen Madril euskal gizartearen gehiengoak abiatutako garai politiko eta sozial berriari bizkarra ematen, pertsona guztientzako eskubide guztien berresarkuntza eta herriari hitza ematearen aldeko aldarriak direlako nagusi Euskal Herrian”.
Matutek aurten abiatutako bidea berretsi du, “eskubideak urratzeko dinamika oso bat hausteko gai izan dena” eta, Alternatibaren izenean, epai honek zigortutako lagunen elkartasunean datozen egunotan antolatu daitezkeen ekitaldi eta agerraldi guztietan parte hartzeko deia egin du.