Alternatibako kide eta EH Bildu taldeko Claudia Venceslao batzarkideak erresidentzietako dekretu berria langileen parte hartzerik gabe eta erabiltzaileen alegazioak kontutan izan gabe egina izan dela salatu du Gizarte Ongizate Batzordean.
“Erresidentzietako egoera hobetzen duen dekretu bat izango balitz bezala saldu nahi duten arren, ratioek ez dute hobera egiten, erritmoek eta lan-kargek lan-eskubideak urratzen dituzte eta Dekretuak oraindik ez ditu etxebizitza komunitarioak kontrolatzen. Honek, zuzenean, gure nagusiak zaintzeaz arduratzen diren profesionalen lan baldintzen prekarizazioa dakar”.
Arabak, gaur egun, 1.800 plaza pribatu ditu. Bestalde, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak 1.069 plaza kudeatzen ditu: 779 erakundearenak dira eta beste 290ak zentro pribatuekin hitzartutakoak dira. Bitartean, ordea, itxaro-zerrenda 187 pertsonetakoa da.
“Herrialde mailako hitzarmen baten aldeko urratsak eskatzen dituzte sindikatuek eta hitzarmen honekin lan baldintzak erregulatzea posible litzateke, prekarietatearekin eta ezberdintasunekin amaituz”, salatu du Venceslaok Batzar Nagusien kanpoaldean elkartuta zeuden langileei babesa adierazten zien bitartean. EH Bilduko batzarkideak gogoratu duenez, langile hauek 997 euro kobratzen dituzte hilean, urtean 1.792 ordu lan egiten dituzten bitartean. “Turnoak bikoizten dituzte, gaixorik jartzen badira ez dute ordezkapenik eta laguntzaile, sukaldari, garbitzaile eta erizain lanak egiten dituzte nahiz eta honetarako titulurik ez izan”.
Presoei bideratuta dauden pisuetako hezitzaile-taldeek erantzun eske jarraitzen dute
Jakina denez, espetxeetako baldintzak oso gogorrak dira: 2019. urtean bost persona hil dira Zaballako espetxean. “Ez da posible Araban presoentzako baliabide espezifikorik ez izatea EAE-ko espetxe handiena herrialdean dagoenean. Estatu mailan aitzindariak diren baliabideetaz ari gara, preso dauden pertsonentzako oso lan garrantzitsua eskaintzen duten baliabideak”, salatu du EH Bilduk batzordean bertan.
Venceslaok nabarmendu duenez, Aldundiak ez du baliabiderik bazterketa arriskuan dauden pertsonak artatzeko. “Aldunditik sarbide profila modu aldebakarrean aldatu zuten: jada ez dira presoentzako baliabide espezifikoak eta, horretaz gain, lurralde historikoan erroldatua egotea eskatzen da. Iruña Okako erroldak, ordea, ez du balio eta herri horretan dago Zaballako espetxea”.
Aldaketa hauek kritika asko jaso zituzten kaltetuetako langileen partetik. Izan ere, Venceslaok gogoratu duenez, arreta-profiletan emandako aldaketek artatutako pertsonei kalte egiten zieten.
Gaur egun, presoekin pisu ezberdinetan lanean dauden hezitzaile-taldeak Gizarte Ongizateko departamenduaren erantzun baten zain daude, erroldaren beharra beharrezkoa den edo ez jakiteko. “Aldundiak erabakiren bat hartzen duen bitartean, kalean egon daitezkeen presoak aude giltzapetuta: aipatutako baliabideei esker euren bizitza berregiteko aukera izango lukete”, ondorioztatu du EH Bilduk.