Alternatibak bere poza agertu du gaur Donostiako errauste planta gelditu delako eta Gipuzkoako Foru Aldundiak gai honen azken erabakia sei hilabetez atzeratu duelako, zaborren inguruan herri eztabaida zabaltzeko aurrera pausu bat emanez.
Ezkerreko alderdiko bozeramaile Oskar Matutek “oso positibotzat” jo du proiektu hau gelditzearen erabakia: “Gipuzkoako Lurralde Historikoan erabateko oposizioa jaso izan duen tratamendu sistema hau baztertzeko aukera zabaldu zaigu azkenik. Eztabaida serio, zorrotza eta opakutasun gabekoa, gardena, irekiko da orain eta bertan, ingurumena eraikuntza enpresa potoloen interes ekonomikoaren gainetik jarriko da”.
Matuteren hitzetan, “analisiaren, informazio gardenaren eta eztabaidaren garaia heldu da, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoa Lurralderako erabaki hoberena hartu dezan, ingurumena eta herritarren osasuna kontuan izanda”. Zentzu honetan, “zaborrak tratatzeko errauste planta baino askoz ere ekologikoagoak eta ez hain kutsatzaileak diren metodoak daudela azpimarratu du Alternatibako bozeramaileak. Matutek gaineratu du: “Errauste planta ez da konponbidea”.