Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek Euskal Herriko herritar guztiei dei egin die larunbat honetan euskal presoen eskubideen alde Bilboko kaleak zeharkatuko dituen manifestazio nazionalean parte hartzeko. Esan duenez, “deialdi historikoa” izango da, lehenengo aldiz egingo delako ETAk jarduera armatua lagatzeko iragarkiaren ondoren eta eragile desberdinek iaz eginiko urrats desberdinen ostean, EPPK-k Gernikako Akordioarekin bat egin izana edota honek biktima guztiak inolako bazterketarik gabe aitortu izanaren ondoren, besteak beste.
Guzti honengatik, Matutek martxa “jendetsua” izango dela aurreikusi du: “Dagoeneko inork ezin baitu aitzakiarik jarri salbuespena eta mendekua oinarri dituen espetxe politikaren amaiera ez eskatzeko, indar politiko eta sozial guztiek sakabanaketa politikaren amaiera eskatu behar diete Madril eta Parisko gobernuei, gaixotasun larriak dituzten presoen askatasuna galdegin behar diete eta presoen zein hauen ingurukoen kontra hartutako ad hoc neurriak desagerrarazteko”.
Talde ezkertiarreko bozeramaileak, azkenik, justizia alorretik inposatutako irizpideak deitoratu ditu, “agerian utzi dituelako epaileen politizazioa eta demokrazia gabezia, elkarretaratzean preso politikoei buruz hitz egitea ere debekatu dutelako”. Honen aurrean, “pertsona guztientzako eskubide guztiak aldarrikatzeko berriz ere kalera ateratzeko deia” berretsi du.