Jonathan Martínez eta Xabi Soto – Alternatibako bakegintza eta Normalizazio Mahaiko kideak
Euskal Herriak nekez ahaztuko du amaitu berri den 2011. urtea. Denbora honetan, egoera berri batera eraman gaituzten urrats erabakigarriak egin dira. Askotan desiratu eta amestu izan dugun egoera bada ere, berria eta ilusioz beterikoa da, hainbat ziurtasunez eta zalantzaz blai. Urtea amaituta, hainbat ziurtasunetatik abiatu gaitezke, lehen amesten ere ausartzen ez ginenak, berriro ere bertan behera geldituko ziren beldurrez.
2011 urtean, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak bat egin du Gernikako Akordioarekin, bide baketsu eta demokratikoen aldeko apustu argi eta garbia zehaztu dutelarik. Aieteko Nazioarteko Bake Konferentziak, gatazkaren sozializazioaren inguruko aspaldiko oztopoak gainditzea lortu zuen. ETAk bere ekintza armatua behin betiko eteteak, Euskal Herriko gizartearen gehiengoak inoiz bizi izan ez duen egoera berri bat eragin du. Amaitzeko, Gernikako Akordioak bazterketarik gabe indarkeria guztien biktima oro aitortzeko ekitaldia ospatu zuen.
Guzti honek ilusioa eta itxaropena ekarri dio bere indar guztiekin gatazkaren eraldaketa eskatzen duen herri honi, ezberdinen arteko borroka politikoan soilik oinarrituko den testuinguru baten alde.
Hala ere, Espainiako Gobernuaren mugikortasun ezak dirau, lehen PSOErekin, orain PPrekin. Justiziaren politizazioak ere indarrean jarraitzen du, Bateragune auzia edota Sorturen ilegalizazioa aurrera eraman dituzten epaiekin. Bihozminez ikusten dugu nola biktimak era zikinean erabiltzen diren, eta nola 40 urte luzez pairatutako diktaduran bide bazterretan eta hobi komunetan lurperatutako milaka pertsonen alde ezertxo ere egiten ez duten.
Presoekiko hartzen diren neurri bereziekin ere ikusten dugu, demokraziaren inolako zantzurik gabe. Esaterako, hor ditugu Parot doktrina, sakabanaketa eta gaixotasun larriak pairatzen dituzten pertsonek preso jarraitzea, gazte independentisten jazarpena eta, oro har, estatuaren botere ezberdinek erabiltzen duten indarkeria mota anitzen irautea.
Eta errealitate mingarri honen aurrean beste alde batera begiratzen dutenek, guztion artean historia idaztea sendagarri miragarria bailitzan aurkezten digute; memoriaren lerro historikoa mantentzen dugunoi, bizitakoa ahazten eta aurrera egiten galarazten digun gezur sinestezina besterik eskaintzen ez digutela.
Ezin dugu onartu gatazkaren erroak denbora gehiago lurperatuta irautearen aldeko tesia gailentzea, dagoeneko konponduta dagoen kontua izango balitz, eta gatazkaren inguruan ezer egitea komeniko ez balitz bezala.
Madriletik ezarri nahi diren tesi zentralizatzaileen aurrean ezin gara geldirik egon ezta isildu ere, Euskal Herrian bagarela eta erabakitzeko eskubidea badugula onartu arte, bidea luzea izango bada ere, abiapuntua zenbat eta atzerago egon are gogorragoa izango delako.
Ondorioz, garaile eta garaiturik gabeko behin betiko bake justua nahi dugunoi dagokigunez, ez da gure burua zoriontzeko momentua. Ezta euskal gizartean ere, amnesia eragiten duen balizko botika horrek gatazkaren oinarri politikoak gainditzea galarazten duelako.
Berebizikoa da egun dirauten korapiloak askatu eta eginiko urratsak indartuko dituen lan agenda sortzeko gai izatea. Alternatibatik, euskal gizartetik euskal gizartearentzat sortu beharreko agenda dela uste dugu, prozesu luze honetan herritarrek lehentasunezko papera joka dezaten.
Hasi berri dugun 2012. urtean kalean egon behar dugu, lehenengo aukera urtarrilaren 7koa dugu, Bilboko kaleetan euskal preso politikoen kolektiboaren eskubideak errespeta ditzaten eskatzeko.
Eztabaidaren erdian, bestelako indarkeria mota batzuk indarrean jarraitzen dutela eta egoera horrek euskal gizartearen gehiengoaren nahiekin talka egiten duela kokatu beharra dago. Indarkeria hau maila eta era ezberdinetan erabiltzen da, bai sakabanaketaren, bai torturatzaileen erru-gabetzeen, bai poliziaren errepresioaren edota justiziaren politizazioaren bitartez. Guztia, duela denbora asko kalean egon behar liratekeen euskaldun asko preso mantentzeko asmoarekin besterik ez.
Salaketaren bidez, herri honetako aukera politiko guztiak barneratuko dituen konponketaren aldeko elkarrizketa prozesu baten alde egin behar da, non euskal gizartea zuzenean eta momentu oro protagonista izango den.
Soilik horrela, indarrak metatuz eta gehituz, bestelako alorretan dagoeneko egin den bezala, oraindik dirauten oztopoak gainditzeko gai izango gara. Traba hauek, elkarrizketaz beldur direnek jartzen dituzte, haien planteamenduen sendotasun eskasa eta jarrera demokratiko eza agerian gelditzeaz beldur direlako, hain zuzen ere.
Oztopo guztien gainetik, Alternatiban ziur gaude lehenago edo beranduago, euskal herritarrek pertsona guztion eskubide guztiak errespetatzen diren herrian bizi direla harrotasunez esateko moduan izango direla.