Alternatibako bozeramaile Ana Etxartek pozik hartu du Emakundek Berdintasun Saria Irungo eta Hondarribiko alarde publikoei eman izana, emakumearen institutuak gaur jakinarazi duenez. Etxartek, alabaina, Bidasoaldeko emakumeen lana “erakundeetatik babestu eta kalean aitortu behar” dela gogorarazi du, orain dela lau hilabete gertatutakoaren harira, Herrizaingo Sailak Jaizkibel konpainiaren ibilbidea aldarazi zuenean. Agindu horren aurrean Emakundek, hain zuzen ere, hurrengo urterako berreskura zezatela lan egingo zuela besterik ez zuen esan.
Joan den irailean, Hondarribiko alardean gertatutakoak, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak ohartarazi duenez, “gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak Herrizaingo Sailaren eta erabaki polizialen esku zergatik utzi behar ez diren argi azaltzen du”. Alternatibak eta beste hainbat erakunde zein mugimendu feministak atzo indarkeria matxistaren kontrako lege aurreproiektuaren kontra eginiko salaketaren harira esan du, Rodolfo Aresek zuzendutako sailak eskumenak kendu baitizkio Emakunderi zein berdintasun politikak egun kudeatzen dituzten beste sailei.
Etxartek, azkenik, Irunen eta Hondarribian 15 urtez jai publikoen eta parte-hartzaileen alde egin duten lagun guztiak zoriondu nahi izan ditu, eta bide beretik lanean jarraitzeko dei egin die, inolako bazterketarik gabeko alarde askea lortu arte, “erakundeetatik, udal gobernuetatik hasita, jartzen dizkieten zailtasunen gainetik”.