Alternatibak hitzaldi sorta antolatu du hurrengo asteartean, urtarrilak 28, eragile sozial eta sindikatuek hilaren 30erako deitu duten greba orokorrerako arrazoi anitzen inguruan hausnartzeko.
Solasaldiak irekiak izango dira eta erakunde politikoaren hiriburuetako egoitzetan egingo dira, Bilbon, Donostian eta Gasteizen.
Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek hartuko du parte hitzaldietako batean, Bilbon. “Grebarako zergatiak euskal oasian” lemapean, Matutek irakurketa orokorra egingo du eta ikuspegi estatala eskainiko du, EH Bilduko Madrilgo diputatua den heinean. Harekin batera, Begoña Vesga ariko da hizlari, pentsio duin eta publikoen aldeko Madrilerako martxan parte hartu zuen pentsioduna. Horrez gain, Gaizka Suarez Eragin gazte prekarioen kolektiboko kideak hartuko du parte, gentrifikazioa, lan prekarietatea edota apustu etxeen kontra egiten duten lan bikainaren berri emateko. Azkenik, Liz Quintana Argitan emakumeen aholkularitza zentroko eta Trabajadoras No Domesticadas kolektiboko kideak ere eskainiko ditu grebarekin bat egiteko arrazoiak feminismotik.
Donostiako hitzaldian gizartearentzat ezinbestekoa den sektoreetako batek hartuko du protagonismoa, zaintzarena hain zuzen ere. Aspalditik borrokan ari diren erresidentzietako langileen greba hizpide, ELA sindikatuko ordezkari Txomin Lasak eta Ana Sastre Txare erresidentziako langileak hartuko dute parte .
Azkenik, Gasteizko ekitaldiak Bilbokoaren ildoa berreskuratuko du eta, kolektibo desberdinen parte hartzea izango du lanuzteari begira: Arabako pentsionistak, LGBT+ mugimendua, zaintza sektoreko borroka eta mugimendu feminista. Solasaldian erakunde desberdinetan ordezkariak diren Alternatibako kideak izango dira, bestak beste, Josu Estarrona legebiltzarkidea eta Monika Plazaola EH Bilduko Berdintasun alorreko arduraduna.
Gasteizko egoitzako (Los Herran 25) eta Donostiako (Autonomia 15) hitzaldiak 19:00etan hasiko dira eta Bilbokoa (Casilla plaza 6), aldiz, 18:30etan abiatuko da.