Gure Alternatibako kide eta EH Bilduren batzarkide Claudia Venceslaok Batzar Nagusietan ponentzia bat sortzea proposatuko du, eztabaida “sosegatu eta eraikitzaile” bati ekin ahal izateko.
Batzordean, gizarte zerbitzuen parte diren eragileek parte hartzeko proposatuko du EH Bildu-k. Txosten honen helburua ongizatearen laugarren zutabea izango den Gizarte Zerbitzuen Sistema bat ezartzea izango da, “pertsonak erdigunean jarriz, ahaldunduz eta gizarte-zerbitzuak sistema patriarkalak eta neoliberalak sortutako egoerak arintzeko beharrezko eskubidetzat hartuz. Honen bitartez, gizarte-zerbitzuen egungo egoera irauliko duten proiektu eraldatzaileak bultzatu nahi ditugu”, iragarri du Claudia Venceslao batzarkideak.
Horren harira, Venceslaok gogoratu du aurrekontu ezak eta EAJ eta PSE-ren Gobernuen interes ezak, bi alderdi hauek duten pribatizazioarekiko eta negozioarekiko zaletasunak Arabako politika sozialen “inboluzio larria” eragin dutela.
Horren adibide da zaintza lanetako prekarizazioa. Aipatutako prekarizazio hau adineko pertsonei ematen zaien arretan ikus daiteke, non egoitza pribatuei mesede bereziak egiten zaizkien, zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoaren bidez (PEVS). “Egoitza pribatuetako langile gehienek –emakumeak gehienbat- hilabeteak daramatzate euren baldintzak hobetzeko eskatzen, eta langileek beraiek adineko pertsonei ez zaiela merezi duten kalitatea ematen salatu dute, langile faltagatik eta lan-karga handiengatik batik bat. Gainera, nagusienek arreta pertsonalizaturik ez dutela eta bakarrik eta aisialdiko jarduerarik egin gabe ordu asko daudela salatu dute”.
“EAJ-k eta PSE-k prestigioa kendu diote gizarte-zerbitzuei, Arabako Gizarte Zerbitzuak prekarizatuz eta merkantilizatuz”, salatu du batzarkideak Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen egoera “kezkagarria” deitoratzearekin batera. “Departamentu horren balizko berrantolaketa aztertu behar dugu, ziurrenik foru erakundeko garrantzitsuena baita eta gabezia larriak dituelako”, gaineratu du.
Hori gutxi balitz, oraindik ere ez-betetze larriak daude Gizarte Zerbitzuen Legearen (2008) eta 2016-2019 plan estrategikoaren ondorioz Araban egon behar duten zerbitzuei dagokienez. Horien artean, honako hauek nabarmendu ditu EH Bildu-k: etxez-etxeko laguntza-zerbitzuen arreta-orduak gutxienez %15a handitzea, adinekoentzako 400 egoitza-plaza sortzea, gaueko arretako egoitza-plazak sortzea, okupazio-zentro bateko 42 plazak, desgaitasuna duten pertsonentzako 50 egoitza-plazak, gaixotasun mentala duten pertsonentzako 25 egoitza-plazak, familiekin gizarte- eta hezkuntza-arloan eta/edo arlo psikosozialean esku hartzeko zerbitzuak eta eguneko zentroko eta egoitzako 134 plaza sortzea bazterketa egoeran dauden pertsonentzako. EAJ-k eta PSE-k, gaur-gaurkoz, lege hori bete gabe jarraitzen dute.
Kontzientzia eta pedagogía
Ponentziaren sorreraren bidez, Arabak erronka berriei aurre egitea nahi du EH Bildu-k, hala nola zahartzeari, mendekotasun berriei, pobreziaren kronifikazioari eta klase sozialen estratifikazio aldaezinari. “Beharrezkoa da kontzientzia eta pedagogia sortzea gertuko eta kalitatezko proiektu sozialak ezartzearen garrantziaz. Jendearen beharrei erantzungo dieten zerbitzuak, kontzientzia soziala sortuko dutenak eta justizia sozialeko politikak bultzatuko dituztenak”, aurreratu du Venceslaok.
Amaitzeko, batzarkideak azpimarratu du egungo egoera eta 2016-2019 aldirako Arabarako Plan Estrategikoan adostutakoa bete ez dela ikusita, EH Bildu-rentzat garaia dela ponentzia honek Arabako Gizarte Zerbitzuen errealitatea zuzenean ezagutzen duten pertsona eta erakundeekin eztabaida ahalbidetzea. Horretarako, bertan gizarte-zerbitzuen egungo egoera ikusaraziko litzatekeela eta beste zerbitzu-eredu bati buruzko hausnarketa sakona irekiko litzatekeela ondorioztatu du.