Alternatibak, Aralarrek, EAk eta Ezker Abertzaleak Mariano Raxoiren Gobernuak iragarritako murrizketa larrien kontra deitutako mobilizazioetarako bi egun falta direla, Euskal Herriko gizon eta emakumeak larunbatean Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeako kaleak beteko dituzten manifestazioetan parte hartzera bultzatu nahi ditugu. Langileen duintasunaren kontrako erasoen aurrean elkarrekin erantzuteko deia egiten dugu, krisialdia sistemak eragindakoa dela dakigunon artean erresistentzia eraikitzen hasi beharra dugulako. Euskal Herria ezkerretik eraiki nahi dutenei dei egiten diegu, erabakiak elkarrekin hartu nahi eta gure herriaren burujabetzaren aldeko apustua aldarrikatzen dutenei.
Ministroak aurkeztu zituztenetik salatu izan dugu ezkertiarron ikuspegitik lotsagarritzat bakarrik jo dezakegun gobernua; eskumak, alabaina, inolako konplexurik gabe erakusten du. Horrela, krisiaren sorreran zuzenean esku-hartu zutenen eskuetan jarri du ekonomia; ez dute konplexurik izan Defentsa ministerioa armagintzako enpresaburu bati emateko eta isildu egin dira Emilio Botinek krisiaren errua politikariena dela esan duenean.
Argi dago PPren gobernuak ez gaituela ordezkatzen. Ez ditu ordezkatzen Hego Euskal Herrian langabezian dauden ia 180.000 pertsonak. Ez dugu sinesten enplegua sortuko dutenik langile publikoen lanaldiak luzatuz eta beharrezkoak diren lanpostuak bete gabe; ez dute gazteek pairatzen duten langabezia konponduko 67 urtetik gorekoen artean lan egiten jarraitzea sustatuz; ezta kaleratzeak are gehiago merkatuta; era berean, duintasunaren aurkako erasoa deritzogu 4 orduko lanaldiak eta 320 euroko soldatak dituzten kontratuak bultzatzeari. Halakoak mahai gainean jarri eta minijobs izenekoak ezartzeko asmorik ez dutela esatea adarra jotzea besterik ez da. Krisia eragin zutenek hori baino gehiago irabazten dute desjabetza bat sinatzen duten denboran, horietako batzuen urteko soldatak 600.000 eurora mugatu badituzte ere. Bitartean, Espainiako Erresuman lanbide arteko gutxieneko soldata 641 eurotan izoztu dute, Europako baxuenetarikoa zen arren. Porrotaren ikur bilakatu nahi izan duten Greziak ere dauka gutxieneko soldata handiagoa, 750 eurokoa hain zuzen ere.
Berriz ere, emakumeek zigor bikoitza pairatuko dute, haiei kalte egiten dielako bereziki lan prekarietateak, emakumeek dituztelako lanaldi murriztu gehienak eta soldatarik txikienak. Pentsiorik baxuenak ere haiek dituzte.
Murrizketa politikei aurre egiteko erantzukizuna dugu, haimaikagarren lan erreformari, eskubide indibidual zein kolektiboen urraketei eta nazioarteko finantza erakundeen menpe dauden botere publikoen menpekotasunari aurre egiteko. Horregatik deitzen dugu larunbateko manifestaziora, baina sektore publikoan gaur egingo dituzten lanuzteekin ere bat egiten dugu. Hilaren 17an, bestetik, Ezkerraldean egingo dugu protesta eta sindikatu zein eragile sozialek 25erako Bilbon deitutakoa ere babesten dugu. Eman behar dugun erantzuna pairatzen ari garen erasoaren tamainakoa izan behar da eta, horren arabera, mila manifestazio egitea ere gutxi izango litzateke.
Lan eskubideen murrizketak eta neurri ekonomikoak salatzen ditugu gaurkoan, baina ez ditugu ahaztu nahi Raxoiren Gobernuaren beste ministerioek egingo dituzten erreformak. Justizia ministroa izango da jaun eta jabe, ordezkatu behar duenaren kontrakoa adierazten duela baitirudi. Bizi arteko kartzela zigorrak aipatzen dituzte; abortuaren legearekin atzera egingo dute, emakumeek haien gorputzen gainean erabakitzeko eskubidea berriz urratuta; eta Euskal Herrian bakegintzaren eta normalizazioaren alde lan egiteko inolako asmorik ez dutela adierazi dute.
Erresistentziak eraiki behar ditugula berretsita amaituko dugu. Iraungita dagoen eredu atzerakoiaren aurrean alternatibak eskaini behar ditugu, eredu horrek desberdintasunak eragiten dituelako. Eskumak Madrilen duen gehiengo absolutuaren aurrean, Euskal Herrian eragile sozial, sindikal eta politikoen gehiengoa osatu behar dugu kontraboterea sortzeko; eta estatuko zein Europako ezkerrekin elkarlanean egin behar dugu, eraso berdinak pairatzen dituztelako.
Ez dugu zalantzarik PPk, eskumak, banka, patronala, rating agentziak eta Europako Batzordea gustura egon daitezen lan egiten jarraituko duela; pribatizazioak, kopagoak, sistema publikoaren desegitea… Eta jakin badakigu Andaluziako hauteskundeen ostean etorriko direla neurri berriak, martxoaren 25etik aurrera. Ezkerrak erakutsi du nagusi izan daitekeela Euskal Herrian. Ezkerra izan behar da, beraz, gure langile klasearen defentsarako oinarria, murrizketei aurre egin eta atzera eragiteko giltzarria.