Alternatibako bozeramaile Ana Etxartek indarkeria matxistaren aurkako lege aurreproiektua alboratu izana ontzat jo du, “Eusko Jaurlaritzako teknikariak eta talde feministak aurka zituen arren, Herrizaingo Sailak tramitatzeko asmotan kosta ahala kosta ibili izan delako, Lakuaren gaurko iragarpenera arte, egitasmoa onartzeko klima politikorik zein adostasunik ez dagoela argudiatuta.
Etxartek azpimarratu duenez, aurreproiektuaren kontrako kritika gehienak ”beharrezkoa ez den legea” onartu nahi izatetik datoz, emakumeen elkarteek aurkeztu zituzten alegazioetan jasotzen denez, egungo legea garatzearen aldekoak baitziren, “inoiz ez du adostasunik izan Ares buru duen sailak indarkeria matxistaren biktimak politikoki errentagarriak bilakatzea beste asmorik ez zuelako lege honen bitartez”. Horretarako, emakumeen kontrako indarkeria segurtasun publikoaren arazo gisa jorratzeko asmoa zuten, “konponbidea bide polizialetan egongo bailitzan eta berdintasun politikak alde batera utzita”.
Alternatibako bozeramaileak gogorarazi duenez, indarkeria matxista gizon eta emakumeen arteko desberdintasunen “adierazpenik bortitzena da, baina ez bakarra”, hartara, “indarkeria emakumeen diskriminazioarekin eta zapalkuntzarekin zerikusirik izango ez balu bezala jorratzea atzerapauso larria litzateke”. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari galdegin dio lege aurreproiektua “bertan behera utzi ez ezik, behin betiko ahaztu dezala”. Erakundearen ahaleginak eta baliabideak, aldiz, “indarkeria matxistaren zergatiak eta sintomak identifikatzeko politikei bidera ditzala eskatu dio, berdintasun politikak garatu eta inplementatzeko”.