Ezkerraldeak bizi duen egoera ezegonkorra ikusita, Alternatiba, Aralar, Eusko Alkartasuna eta Ezker Abertzaletik Alderdi Popularraren gobernuak, krisiari aurre egiteko aitzakia jarriz, hartutako murrizketen eta erreforma gogorren politikari erantzuteko, beharrezkoa da erantzun bateratu bat ematea. Bai instituzio mailan, bai politika mailan, eta nola ez, kale mailan.
Espainiar gobernuak daraman politika ekonomikoari aurre egin eta Gasteizko gobernuak, Bizkaiko foru aldundiak eta gure eskualdeko hainbat Udalek egiten ari diren murrizketei uko egiteko, ezinbestekoa ikusten dugu kalera irtetea. Hau ikusita, izugarri balioesten dugu, pasa den astean, Barakaldoko kaleetan zehar egin zen manifestazioa. Ezkerraldeko milaka lagunek hemengo hainbat politikarik garatzen ari diren gestioari desadostasuna agertu zion. Gestio politiko hau beraien sistemaren krisiaren ondorioak,errekurtso gutxi duten eta langileen gainera erortzeko eginda dago. Baita egoera honetara iristarazi digun sistema gaixo bera mantentzeko eta kapital handiari irabaziak mantentzeko ere. Barakaldon izandako mobilizazioak, indarra batasunean dagoela erakutsi digu, eta ekintzen batasuna jendartea bere eskubideen borrokan abian jartzeko gai dela.
Lan erreforma berriak eta neurri ekonomiko berriek ez dute balioko lanpostuak sortzeko eta ongizatea lortzeko. Kaleratzea merkatu edo kontratuak malgutzen dituzten neurriek ere ez dute hori lortu; alderantziz, patronalaren irabaziak handitu eta Ezkerraldean pairatzen ari garen langabezia eta baztertze sozial tasa areagotu egin dituzte. Erreforma eta neurri berriek eskubide sozialak ito nahi dituzte, langabezia eta pobrezia gehiago ekarri dute gure eskualdera, eta irabazi handiagoak enpresari, bankari eta espekulatzaileei. Nola sor dezake lana , lehen lan-urtean kaleratze askea onartu, eta langile berria edozein momentuan eta kalte-ordainik gabe kaleratua izan daitekeela onartzen duen lan erreforma batek? Hau adarjotzea besterik ez da!
Honen guztiaren aurrean tinko eta sendo erantzun behar dugu. Eta elkarturik erantzun behar dugu, alderdi, sindikatu, eragile sozialak eta jendartea, denok batera. Bakoitzak dagokion esparruan, baina koordinaturik, indarrak batuta. Murrizketa gelditu eta alternatiba bat bideratu behar dugu. Pasa den asteko Barakaldoko mobilizazioak gerora jarraitu behar dugun eredua izan behar du .
Gure erantzuna sufritzen ari garen erasoaren heinekoa izan behar du. Ziur gaude gure eskubide sozialen aldeko borroka dela bidea, garai batean, gure aurreko belaunaldiek orain lapurtu nahi digutena lortzeko jorratu zuten bidea bezalakoa. Hori dela eta, Eusko Alkartasunak, Aralarrek, Alternatibak eta Ezker Abertzaleak, atxikimendua adierazi nahi dugu, hainbat sindikatu eta eragile sozialek deitu duten mobilizazio nazionalera. Bihar, larunbata, Bilbon, Jesusen Bihotzetik hasita arratsaldeko 6etan izango da. Hemendik, Ezkerraldeko guztiei dei egiten diegu bertan parte har dezaten,. Bide horretan gabiltza eta halaxe jardungo dugu, indarrak bilduz, eragile sozialekin, sindikatuekin, eta nola ez, jendartearekin; hauek baitira herrialde honetako protagonistak. Barakaldon erakutsi zen bezala, ziur gaude, bihar ere, Bilboko kaleetan horixe ikusaraziko dela. Bide batez, martxoaren 29an, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS eta EHNEk deituriko greba orokorrarekin bat egiten dugula adierazi nahi dugu.
Bukatzeko, hemen gauden lau alderdi politikoek Ezkerraldeko herritarrei, gaur egun pairatzen ari garen krisi sistemikoari aurre egiteko dugun konpromiso eta nahia adierazi nahi diegu. Erabateko burujabetza politiko eta ekonomiko markoa aldarrikatzen dugu, bertatik hain gogor erasotzen ari den krisi honi aurre egin ahal izateko. Lau alderdiok beharrezkoa ikusten dugu, benetako alternatiba sozio-ekonomikoaren antolaketan aurrera egin beharra. Oinarri, burujabetza politiko eta ekonomikoa izango duen eta eredu berri baterantz joko duen bidea zehaztuko duen proposamena. Egoera irauliko duen proposamena, gure burujabetzan sakondu eta lan eta marko sozial propiora iritsiko dena. Bertatik gure erabakiak hartu ahal izango ditugu, eta Ezkerraldea saminduta daukaten egiturazko arazo larriei irtenbidea eman ahal izango diegu.
Ezkerraldeko Alternatiba, Aralar, Eusko Alkartasuna eta Ezker Abertzalea, 2012ko otsailaren 24a