ABERTZALEEN BATASUNAK, ALTERNATIBAK, ARALAREK, EZKER ABERTZALEAK eta EUSKO ALKARTASUNAK, Baionan 2012ko martxoaren 14ean bildurik, ondoko hau elgarrekin Euskal Herriari jakinarazten diogu:
– Ezker Abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Alternatibak, Aralarrek eta Abertzaleen Batasunak, aniztasuna oinarri eta xede izanda, indarrak biltzearen aldeko apustu sendo eta estrategikoaren aldeko hautua egiten dugula plazaratzen dugu. Gure herriaren eraikuntza nazioanala eta eraldaketa soziala bultzatzeko geure ahaleginak metatuz egitea erabaki dugu, eskuratu nahi dugun Euskal Herri subiranoa eta solidarioa erdiesteko bidean aurrera egiteko asmoz. Erantzun eta urratsak emateko, bakean, askatasunean eta justizia sozialean oinarritutako Euskal Herria eraikitzeko.
– Azken hilabete hauetan Euskal Herrian gertatu aldaketa sakonak eta zabaltzen ari den fase politiko berria baikorki baloratzen ditugu. Heldu diren hilabeteak, herri honek ezagutzen duen gatazka politikoa konpontzeko eta bere eraikuntza nazionalaren zein eraldaketa sozialaren bultzatzeko memento historikoa dela uste dugu.
– Hala ere, partekatzen ditugun helburu hauek maila ezberdinetan oztopatuak dira. Lehenik, krisialdi sistemikoa eta honen baitan kapitalismoaren krisiak sistemaren aurpegi okaztagarriena behin eta berriz erakusten du, jendartearen eskubide pertsonal zein kolektiboak higatuz eta beste urratsen artean alternatiba sozioekonomiko baten beharra agerian utziz. Bigarrenik, Frantses eta Espainol Estatuek Euskal Herriari begira duten jarrera hetsiak indarrean dirau: dominazio sistema anitzaren mantentzea, urraketa demokratikoak, blokatze instituzionala, mota anitzeko errepresioa…
– Egoera honetan, Euskal Herri osoan aspalditik adierazten diren eskakizunak sekulan baino biziagoak agertzen zaizkigu. Gure herriari dagokion subjektu politikoaren izaerak eta hemengo herritarrei beren etorkizun politikoa, soziala eta ekonomikoa libreki hautatzeko eskubideak ezagupenik gabe edota ukatuak segitzen dute. Euskal Herriak bizi dituen erronkak lurralde bakoitzean ezberdinki eta erritmo propiotan deklinatzen dira, baina problematika nazional oso bat osatzen dute denek.
– Urratzen diren eskubideen artean bada gure herriari berezko izaera ematen dion eskubide baten aitortza eza, Euskal Herriaren herrialde guztietan ez baita onartua euskararen erabilera bizitzako esparru guztietan. Horregatik, gure herriaren berezko hizkuntza bizitzako esparru guztietan eta gure lurralde guztietan modu normalizatuan erabiltzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Euskara Euskal Herri osoan ofiziala izatea exijitzen dugu, eta helburu hori erdietsia izateko eta euskal kultura, oro har, gure herrian zein mundu mailan sustatzeko gure konpromiso irmoa adierazten dugu.
– Egoera horren aitzinean, konbentzituak gara azken urteotan alderdion artean erakutsi desadostasunak zein zatiketak gainditzeko unea heldu zaigula, eta gauden ezkerreko independentisten eta soberanisten arteko indar metaketa iraunkor bat sortzeko parada badugula.
– Horregatik, adierazpen hau izenpetzen dugunek modu iraunkor eta sakonean elkarlanerako engaiamendua hartzen dugu, Euskal Herriak bizi dituen ahal bezainbat problematikari aho batez erantzun ahal izateko. Horretarako, lehen helburutzat dugu epe laburrean aldaketa politiko eta sozialerako ezkerreko independentisten eta soberanisten arteko Akordio estrategiko nazional bat landu eta adostea. Euskal Herri mailako Akordio honek Hego nahiz Iparraldeari egokituriko erritmo, molde eta eduki zehatzak izanen ditu.