Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek Bateragune auzian Espainiako Auzitegi Gorenak bihar eman dezakeen epaia izan du gaur hizpide eta “auzipetutako lagunak kartzelan mantentzeko inolako logika politiko zein etikorik ez” dagoela ohartarazi du. Era berean, Arnaldo Otegi, Arkaitz Rodríguez, Rafa Díez, Miren Zabaleta eta Sonia Jacinto preso jarraitzeak “Espainiako gobernu ezberdinek ideiak kriminalizatzeko izan duten joerari” besterik ez diola erantzuten ziurtatu du, horrexegatik, “euskal gizartearen gehiengoarentzat ezinezkoa izango da auzipetuen askatasuna ez dakarren epairik ulertzea”.
Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak berriz ere salatu ditu “bake prozesua sustatzea beste deliturik egin ez dutenen kontrako zigor bidegabeak, beraz, auzitegiei galdegiten diegu euskal gizartearen aldarria entzun dezatela, eta herri honek bizikidetzarako eta normalizazioaren bidean inondik inora behar ez duen ikuspegia ezarri nahi duen bloke politikoaren parte izan ez daitezela”.
Alternatibatik gogorarazi dutenez, “garai berriak bizi ditugu, iraganeko errezetak eta trabak jarri arren geldiaraziko ez duten fasean gaude, epai bidegabeekin zein eskubideen urraketekin ere ez dute lortuko”. Horregatik, herritarrei deia egin diete auzipetuen absoluzioa eskatzeko bihar Bilbon egingo den elkarretaratzean parte har dezatela. Albia Lorategietako epaitegien aurrean izango da, 12:00etatik aurrera, eta Matutek berak parte hartuko du protestan.