Gure Alternatibako kide, idazle eta ekintzailea politiko eta sozial Joxe Iriarte ‘Bikilari’ elkarrizketa Ikerne Zarate Oarsoalde egunkariko kazetariaren eskutik, 1970. hamarkadan Errenteriako Asanbladak utzitako irudi gogoangarrien harira. Borroka politiko eta sozialen erreferente bat bihurtu zen herria; garai horrek ere, utzi dio arrastoa gaurko Errenteriari.
Industrializazioak ezaguna egin zuen Errenteria, Manchester Txikia izena hartu zuen. Bere borrokarako grinak 1970eko hamarkadan ere. Nola oroitzen duzu garai hura?
Gero eta urrutiago ikusten dut. Nire bizitzan oso presente izan da, baina urteek aurrera egin ahala memoriak ere lausotzen dira. Pertsonalki, garai haietan bizitutakoak, bizitzako momenturik oparoenak eta gogoangarrienak bezala ditut. Manchester Txikia izenagatik oso ezaguna izango zen, baina borroka aldetik, beste izen bat ere jarri zioten: Euskal Herriko Belfast.
Garai hartan, Belfast zen Europan lekurik gatazkatsuena edo bortitzena; IRAren borroka, irlandar komunitatearen borrokarekin uztartuta zegoelako batez ere. Guk ospe hori hartu genuen, batez ere, herri borrokarengatik. ETAren borroka hor zegoen, baina gure herrian inplizituki ez zuen harreman konkreturik; geroago izan zen, baina une hartan behintzat batez ere mugimendu herritarra zegoen, oso ondo antolatua, eta herrian sustraitua. Egia da denak ez genbiltzala maila berean lanean, bazegoen abangoardia edo puntako sektore bat, bai lantegietan, bai auzo elkarteetan, baita alderdi politiko iraultzaile edota erradikaletan ere.
Horrek denak, borrokatzeko gaitasuna ematen zion herriari, eta ez soilik une puntualetan. Esaldi bat erabiltzen genuen, ‘greba orokor bat hastea erraza da, baina zaila bukatzea’; izan ere, dialektika bat sortzen baitzen. Greba hasi eta polizia etortzen zen jendea jipoitzera; orduan, horren kontra biltzen ginen denak, lantegietara zabaltzen zen, eta hasieran arazo zehatz bati erantzuteko borroka zena estatuaren aurkako borroka bihurtzen zen, eta iraun zezaken bost edo zazpi egun.
Zein faktore sozial eta politiko eman ziren Errenterian, Euskal Herriko Belfast bihurtzeko?
Bi kontu daude hor; batetik, testuinguru orokorra, frankismoaren bukaera zen eta horrek Euskal Herria ez ezik, estatu osoa ere egoera zalantzagarrian zeukan. Hor, borrokarako aukera bat sortu zen.
Bestetik, herrian oso sustraituta zegoen nazio askapenaren eta askatasun sozialaren aldeko kontzientzia. Horri batu behar zaizkio Errenteriaren eta bailararen ezaugarri propioak. Egia da, testuinguru horretan langile asanbladak eta herri asanbladak Euskal Herri osoan zeudela, baina oso leku gutxitan zegoen gurean bezain beste errotuta asanblearismo hori. Klandestinitate gogorrean ere, Arramendi inguruko zelai horietan 200-300 pertsona biltzen ziren asanbleak egiteko; ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula. Itzaletik argitara pasa ginenean eta herriaren erdigunea gurea egin genuenean , biderkatu egin zen, eta une hartan egonkortu zen asanblada. Errepresioaren kontra amnistiaren aldeko asanblada antolatu bat zegoen gurean, asko ginen herriko taldeetan antolatuak, eta ohitura hartu genuen edozein gauza egiteko herri asanblada antolatzeko, ahoz aho edo lau kartel ziztrin jarrita egiten zen deialdia. Asanblea zaletasun hori oso hedatuta zegoen, eta gainera, txertatuta herriko zenbait tokitan, eta hori oso inportantea zen, toki gutxitan gertatu da, eta langile asanbladekin harremana zuen.
Askotan herriko asanblada egiten genuenerako lantegietan eginak zituzten, eta herriko asanbladan azaltzen zituzten lantegietan erabakitakoak. Ez zen herriko asanblada enpresetara joaten zena, beraiek aldez aurretik erabakitzen zuten zer egin. Askotan, gure gustuko erabakia ez zuten hartzen, guk errespetatu egiten genuen langileen asanblada.
Esaldi batean esanda, testuinguru orokor zalantzakorra, errepresioaren kontrako kontzientzia oso sakona, eta antolamendu handia lantegietan, auzoetan eta batez ere herrian, zegoen guztiaren oinarrian.
Bizi-bizia zegoen langile mugimendua orduan. Zer gertatu da klase kontzientziarekin?
Oso unibertsala da fenomeno hori, eta ziur asko ezkerreko pentsamenduan gai konplexuena da. Langile mugimenduak bere horretan dirau nire ustez, munduan inoiz baino langile edo proletario gehiago dago, baina Europatik beste lekuetara desplazatu dute. Hemengo langileriaren izaera aldatu egin da. Anjel Lertxundik galdetu zuen behin, ‘Non daude gure langileak?’. Buzo urdineko langile horiek, lantegitik atera eta txikiteoan ibiltzen zirenak desagertu dira, baina langileak egun prekarioak izan, hoteletako garbitzaile emakumeak edo erresidentzietako langileak egon badaude, eta gainera, bere proba propioak egiten; erresidentzietako langileen borroka momentu honetan eredugarria da, eta oso interesgarria, hori ere langileria da. Industria jaitsi eta zerbitzuak igo egin dira, eta garai hartan lortu zen lanaren egonkortasuna lehertu da. Kapitalistek 30 urte hauetan lortu dute langile mugimendua ahultzea, txikitzea, eta alde horretatik egia da kontzientzia diferentea dela.
Garai batean, langileak bazuen langile izatearen kontzientzia, gaur egun ia erabat galdu da. Gaur egun inork ez du langile auzoan bizi nahi… Erdi mailakoak gara, halako txorakeriak sartu zaizkigu buruan. Ez dago langileri industrial trinko hura, desagertu egin da.
Amnistiaren aldeko mugimendu indartsua aipatu duzu. Errepresio latza jasan zuen herriak Amnistiaren Aldeko Astean: Rafael Gomez Jauregi, Jose Luis Cano Perez, eta Gregorio Maritxalar Aiestaran poliziek hil zituzten. Clemente del Caño Ibañez poliziak eragindako indarkeriak hil zuen, eta hamarnaka zauritu izan ziren.
Frankismoaren azken urteetan kartzelan zegoen presoen kopururik handiena euskaldunak ziren, ETAkoak, alderdi borrokalarietakoak… Ni ere erbestetik itzuli nintzen lehenengo amnistia legearekin. Jende asko, eta oso plurala, antolatu zen mugimendu horren bueltan. 1980ko hamarkadaren hasierako amnistiaren aldeko mugimendua soka batekoa zen jada, borroka batekin lotua eta homogeneoagoa. Baina gure garaian denetarik zegoen: herriko apaizak, EAJko jendea, ez gehiegi, baina denetarik… Ikurra ere Txillidarena zen, eta inork gutxik lotuko zuen ezkerrarekin. Gipuzkoako asanblada egiten genuenean herri bakoitzeko hiruzpalau lagun joaten ginen, 600 elkartzen ginen amnistiaren inguruan. Amnistia presoak etxera ekartzea zen, baina ez hori bakarrik, langile eta emakumeen aldeko borroka ere bazen; presoen inguruan zuen indarra batez ere, baina ia-ia frankismoa botatzeko programa bat bihurtu zen.
Herriko Plaza bihurtu zen Errenteriako asanbladaren ikur. Nola oroitzen duzu, zer eragiten dizu garaiko argazkiak ikusi edo gogoratzeak?
Orain, hilean behin hor elkarretaratzen gara jubilatuok, askotan joaten zait begirada eliza ondoko eskailera horietara, eta nire burua handik hitz egiten ikusten dut… Zaharron nostalgia puntua edo! Asanbladaren garai hura gustagarrienetakoa dudala argi dut. Garrantzitsuena zela esatea zaila dut, klandestinitatera jo nuen garai hartan eta garrantzitsuagoa izango zen hori, arrisku handiagoa zuelako.
Hainbeste urte klandestinitatean emanda, herriaren alde lan egiten dugu, prest zaude herriarengatik bizia ematera ere, beti ‘gatik’, baina zu kanpo zaude, zaude etxeetan ezkutatua, bakar-bakarrik, isolatua, eta uste duzu interpretatzen duzula herriaren nahia, baina interpretazioa da. Nik argi esan nuen, amnistiarekin itzultzerakoan herrigintzan hasiko nintzela; alderdian garai hartan zuzendaritzan nituen karguak ere utzi eta militante soil gisa aritu nintzen herrian. Jendetzak hartu ninduen. Ez zen herriarengatik, herriaren baitatik borrokatzea baizik, eta niretzako askoz garrantzitsuagoa zen azken hori, oparoagoa, aberasgarriagoa. Ukitu hori bizitza osoan mantendu dut, antolatua egon naiz talde politikoetan, baina kutsu asanbleario hori errespetatuta, jendeak erabakitzen duena onartuta nahiz eta ados ez izan.
Jubilatu eta pentsiodunen mugimendua Herriko Plazan biltzen da. Zuetako asko, 1970. urtean leku berean elkartuko zen.
Bai, Gipuzkoa eta Euskal Herriko bileretan elkartu naiz egun, garai hartan ezagutu nuen jendearekin. Ezkertiar zahar ugari dago, eta horrek badu bere abantaila antolamenduan ohituta dagoen jendea delako, borrokara ohitua. Jubilatuak, emakumeen mugimenduarekin, eta klimaren aldaketaren aurka ari diren gazteekin elkarlanean ere ari gara, horiek dira une honetan herri mugimendu sozial interesgarrienak. Langileen mugimendua, berriz, bere klabeetan dabil, baina ahalegin interesgarriak sortu ditu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren inguruan. Hor ere, esperientzia ona izaten ari da.
Errenteriako garai hartako asanblearismoa galduta dago. Azkeneko sei urtean ahalegin batzuk egin ditugu berreskuratzeko —Maiatzak 15 mugimendua esaterako— baina Errenterian ez zuen funtzionatu. Donostian hitzorduetako batzuetan, asanbladatan 2.000 lagun elkartzeraino heldu ginen.
Antzeko ahalegina egiten saiatu ginen pasa den urtarrilaren 30ean antolatutako greba orokorraren harira. Bezperan asanbladara deitu genuen Herriko Plazan, eta ez ginen 100 pertsona bildu. Berpiztuko da? Nahiko nuke, baina ez dakit… Gustatuko litzaidake ikustea jende berria, gaztea, beraiek txapa botatzen eta gu entzuten behean.
Zein eragin izan du 1970eko hamarkadako mugimendu asanblearioak egungo Errenterian?
Trantsizioa pasata, etxean ezkutatu izan ziren bi alderdi etxetik atera eta nagusitu zirela. Horietako bat PSOE izan zen. Bitxia da, alderdi sozialistak abertzaletasunari egotzi izan dio talde etniko edo identitarioa izatea, beraiek talde zibiko eta ezkerrekoa direla esaten duten bitartean. Gauza bat argi baldin badago da, Errenteriako PSE-EE emigrazioaren alderdia dela da, talde etniko erabatekoa da. Emigrazio zaharrak eman dio halako nagusitasuna. PSE-EEn euskaldun oso gutxi dago; EAJren barruan nahastuagoak egon dira euskaldunak eta kanpotarrak, eta ezker abertzalean zer esanik ez.
Gaur egun horren ondorio dugu EH Bildu, baita Podemosen sektore bat, baina txikiagoa da. Bildun elkartzen gara garai hartan ibili ginen gorri kolore eta ezkerreko abertzaleak, garai hartatik dator.
Iruditzen zait, askotan, hori ez dela gehiegi nabarmentzen; gaur egungo Errenteria elkarbizitzaren eredu izatearekin lotzen da, arazo sozialei ematen dien trataerarekin, eta batez ere bakearen inguruan lortutako akordioekin. Primerakoa iruditzen zait hori guztia, eta horrela jarraitu behar dugu. Baina Errenteriak izan zuen borrokalari sona eta ospe hura ez dela ahaztu behar uste dut, izan zelako Errenteriak izan zuen gauza interesgarrienetako bat. Gero borroka armatua eta bestelakoak izan ziren, gauza zeharo ezberdina, zikloa aldatu zen, baina herri asanblada esperientzia benetan aberatsa izan da.
Ezkerreko mugimendua izanagatik emakumeek ez zuten ikusgarritasun handirik izan 1970eko hamarkadako mugimendu asanblearioan. Autokritikarik egin al da?
Ezkerrean eta mugimendu antifrankistan argi dagoen bezala denetarik zegoen, baita emakumeak ere, baina garai hartako mugimendua oso maskulinoa zen. Militantzia eredua oso maskulinoa zen. Borroka orokorrean, Errenteriako asanblean eta amnistiaren aldeko mugimenduan emakume pila bat aritu ziren, eta parte hartze hori ere goraipatzen zen, bere ukitu matxista badu ere, ‘Zain dago ama…’ abestia hor dago. Eredua mutila zen, borrokalaria mutila zen, eta gainontzekoak laguntzaileak ziren.
Nik ama eredutzat dut, ni baino borrokalariagoa zela pentsatzen dut, eta hala ere, bera nire ama zen, eta ez alderantziz. Borrokarako lehen lerroan, baina gero, atzeko orrietan azalduko dira azaltzen badira; injustizia hori badago. Hala ere, emakumeen mugimendua ezkerreko taldeetan sartzen ari zen garai hartan. Nik militatzen nuen mugimenduan, LKIn, feminismoak garrantzi handia zuen eta ari zen emakume iraultzaile feminista eredua indartzen.
Basauriko 11 emakumeen auziak asko markatu zuen. Abortatzeagatik atxilotu eta epaitu zituzten. Auziarekin mugimendu feministak eztanda egin zuen
Euskal Herrian eta indarra hartu. 1976. urtean izan zen.
Talde parapolizialen eraso gogorrak jasan zituzten emakumeek; baita Errenterian ere. Bahitu eta bortxatu egin zituzten 1979 eta 1980 urteen artean 14, 16 eta 18 urteko hiru emakume gazte, BVE Batallon Vasco Español eta GAE Grupos Armados Españolesek. Emakumeen asanbladak testuinguru horretan hartu zituen kaleak indar izugarriarekin, ezta?
Parapolizialek zigor berezia eman nahi izan zieten herriko zenbait emakume sektoreri, lantegiko bidean, auzoetan, eraso bortitzak izan ziren, mehatxuak ere. Horren harira zenbait auzoetan autodefentsarako taldeak sortu ziren, baina hasieran, gizonak ziren taldekideak eta autodefentsarako baino, kontrolerako taldeak bihurtu ziren askotan. Une batean, emakumeek esan zuten ez zutela nahi halako autodefentsa talderik, beren burua beraiek zainduko zutela, eta beraiek erabakiko zutela beren borroka nola egin. Eta hala gertatu zen. Antolamendu eta kontzientzia feminista handia izan zen tartean Oreretan.
Beste hainbeste gertatu zen homofobiaren aurkako borrokarekin. Garai hartako Errenterian, Francis Vadillo hil zutenean ez zegoen halako kontzientzia homofobiaren kontra, kontzientzia antierrepresiboa zegoen; Francisen hilketa basakeria izan zen, eta kalera atera ginen denak. Izugarria izan zen 1.000 pertsonako asanblada haietako batean jende bat zutitu eta esatea ‘ni ere gay naiz’, eta horren inguruan hitz egitea jende guztiak errespetuz entzuten zuen bitartean; jauzi kualitatiboa izan zen.
Irakurri Oarsoaldeko Hitzan