Eusko Alkartasunak, Aralarrek, Alternatibak eta Ezker Abertzaleak agerraldia egiten dugu gaur, Ertzaintzaren pilotakada bat jaso ondoren hil zen Iñigo Cabacas gaztearen harira Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak atzo Gasteizko Legebiltzarrean egindako agerraldiaren balorazioa egiteko.
- Gasteizko Legebiltzarrean atzo Rodolfo Aresek egindako agerraldia ihesaldi politikorako ariketa hutsa izan zela deritzogu.
- Aresek bere kabuz egin zuen agerraldia, eta ez zen gai izan Iñigo hilik suertatu zen gertaeren inguruko bertsio sinesgarria emateko, nahiz eta ordudanik astebete igaro den.
- Aurreko ostegunean Ertzaintzak izandako jarrera arrazoitzera mugatu zen bere agerraldia, baina horretarako, informazioa ezkutatu zuen eta testigu zein kaltetutako pertsonei errespetu falta izugarria erakutsi zuen. Jasotako testigantzak “gezur hutsa” zirela esan zuen, baina testigantza horiek egin zituzten pertsonen asmoa gertatutakoa argitzea baino ez zen. Horren ondorioz, egiazko asmoa gertatutakoa benetan argitzea ote den zalantzan jartzen dugu.
- Izan ere, orain arte bildutako testigantza eta froga guztiek bertan behera uzten dituzte aurreko ostegunean Ertzaintzak izandako jarrera arrazoitzeko Herrizaingo Sailak erabilitako argudioak.
- Iñigo Cabacas hil den arte Eusko Jaurlaritzak aurpegia eman ez izana oso larria deritzogu; gainera, hasiera batean gertatutakoa ezkutatzen ahalegindu zen eta, gero, jazoerak manipulatzeko ahaleginetan aritu da.
Horregatik guztiagatik, Eusko Alkartasunak, Aralarrek, Alternatibak eta Ezker Abertzaleak uste dugu azken asteotan izandako gertaera larriak ez errepikatzeko neurriak hartzea lehentasun osoa duela. Horrenbestez:
- Iñigo Cabacasen heriotza bezalakoak etorkizunean ez errepikatzeko Aresek bermedun neurriak proposatu ez izana kritikatzen dugu. Are gehiago, Gasteizen agerraldia egiten duen bitartean, bere aginduetara dauden poliziek Bilbon prentsaurreko bat eskaintzen ari zirenen kontra egin dute.
- Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak bere gain erantzukizun osoa hartu beharko lukeela uste dugu eta, horrenbestez, dimisioa eman beharko lukeela. Atzo Legebiltzarrean ikusi eta entzun genuenak astelehenean egin genion eskaera berresten du. Europako Batasunaren zuzentarauek esaten dutenaren aurkako materiala erabiltzen jarraitzea erabat politikoa da eta, beraz, erantzukizunak politikoak izan behar dira.
- Zauritu oso larriak edota hildakoa eragin duten azken jardueren ikerketa gardena eta zorrotza lehenbailehen abian jartzea exijitzen dugu, eta beharrezkoa balitz, tartean dauden poliziekin, arduradunekin eta arduradun politikoekin neurriak hartzea.
- Euskal Herrian aritzen diren polizia ezberdinek erabiltzen duten materialetik haratago doan hausnarketa abian jartzea beharrezkoa deritzogu. Herri honek behar duen polizia ereduaren inguruko eztabaidari heldu behar zaio. Egungo egoera sozialari erantzun egokia emango dion eta herritarren zerbitzura eta pertsonak babesteko helburua izango duen polizia eredua.