Argentinako Gobernuak YPF enpresa nazionalizatu izana txalotu du gaur Alternatibako Mahai Internazionalistak, orain arte kontrola zuen REPSOLek “herrialde demokratiko orotan enpresa guztiek bete behar dituen helburu sozialak sistematikoki bete ez dituelako”. Alternatibatik esan dutenez, “bazen garaia enpresa transnazionalek eta haien aginduetara dauden gobernuek abiatutako kolonizazio fase berria geldiarazteko, haien enpresen onurak herritarren ongizatearekin nahasten dituztelako, etekinak beste ezeren gainetik lehenetsita”.
Alderdi ezkertiarreko Mahai Internazionalistatik espero dute neurri hau “erregai fosilen menpekoa izango ez den sistema energetiko berri baterako zubi bilakatzea, kalitatezko bizitza bermatuko duen gizartea eraikitzeko beraz”. Bestalde, Alternatibako erakunde honek Europako gobernuei dei egin die “neurri ausart eta handizale hau bere egin dezatela eta sektore estrategikoak herritarren kontrol demokratikorako berreskura ditzatela, bereziki berez onura komuna lortzeko izanik iruzurrerako erabili izan dituztenak”. Horregatik, Alternatibak bankaren eta energia sektorearen erabateko nazionalizazioa gauzatzeko bitartekoak bilatzearen aldeko apustua egin du, “ongizatea, eta ez etekina, helburu izango duen gizartea eraikitzeko bidean”.