Alternatibak, euskal ezkerraren elkarlana sustatzen duen erakunde politikoak, bere aldizkari Alterkariaren zenbaki berria kaleratu du.
Oraingo honetan, monografikoa da, eta zaintzaren krisia du hizpide, egoera soziosanitario larriaren unerik gogorrenetan bizitzari eutsi izan dion jendearengan arreta jarriz. PDFn hemen edo eskatu ale bat ondorengo helbidera idatziz: prentsa(a bildua)alternatiba.net.
Hala, zenbaki honetan ahotsa ematen diegu Arabako egoitzetako langileei, aspalditik ari baitira borrokan lan-baldintza duinen alde; Babestu Bizkaiko egoitzetako senideen elkartearekin hitz egiten dugu, Pentsionistak Martxan-ekin batera zaintzari buruzko liburu bat argitaratu baitute; eta mila borrokatako beterano bat elkarrizketatu dugu, Iñaki Martín, Pentsionistak Arabako kidea. Halaber, gizarte-zerbitzuen errealitate gogorrari eta erakundeen utzikeriari buruz galdetu diegu gure lankideei, Ander Rodriguezi (eusko legebiltzarkidea) eta Claudia Venceslaori (Arabako batzarkidea).
Ohi bezala, Alternatibako kideen hainbat iritzi-artikulu ere plazaratu ditugu, baina oraingoan egokitu zaigun egoeraren hainbat alderdi jorratzeko: Josu Estarrona legebiltzarkideak pandemiak kulturan duen eraginaz idatzi du; Alba Fatuarte Bilboko zinegotziak gure hiriak birpentsatu beharrari buruz; edota Josu Perea soziologoak Covid-19k gizartean dituen ondorioak aurreratzen ditu.
Eduki horiek eta beste batzuek osatzen dituzte gure 13. Alterkariaren 40 orrialdeak.