Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek, “oso positibotzat” jo ditu Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak bildutako informazioak egunotan Euskal Herriko eragile sozial eta politiko desberdinekin, Alternatibarekin besteak beste, NEBek asteon eginiko bileretan parte hartu ostean. Alderdi ezkertiarrarentzat “agerian gelditu da ETAk urrian iragarritako erabakiarekiko konpromisoa eta errespetua, euskal gizartearen gehiengoak eskatzen zuenari kasu egin eta jarduera armatua behin betiko lagatzeko emandako hitzari eutsi diolako”.
Matutek, bestalde, eragile guztiek egin beharreko “ezinbesteko urratsak” nabarmendu ditu, “ETAren eteteak erakundearen betirako amaiera ekar dezala eta Euskal Herrian bake bideak eta konponbide demokratikorako prozesuak ireki daitezen”. Ildo beretik, Espainiako Erresumako gobernuak “konponbiderik ez emateaz gain, eskubide zibil, sozial eta politikoak ukatzeko jarrera darabil, zabalik dauden epaiketek egiaztatzen dutenez”, Bateragune, D3M eta Askatasuna auziak gogoratuta.
Alternatibako bozeramaileak aitortu du “pazientzia handia beharrezkoa” izan daitekeela aldaketak egin edota orain arte mugiezinak ziren jarrerak mugitzeko, ziurtatuz “norabide horretan ari badira alde izango gaituztela”. Aldiz, “haien geldotasunaren atzean kalkulu politikoak besterik ez badaude eta garaileak eta garaituak izango dituen amaiera lortzeko helburua badute, kontra egingo diegu eta publikoki salatuko ditugu”.