Datorren urriaren 20an, Alternatibak “Ekonomiaren uberizazioa: XXI. mendeko esklabotza” lemapeko hitzaldia antolatu du bere Bilboko egoitzan.
Bertan, errealitate hau gertutik ezagutzen duten hizlarien eskutik, aztergai izango du Glovo, Deliveroo eta Uber Eats bezalako enpresek ekonomia kolaboratzaile gisa mozorrotzen duten lan baldintzen prekarizazioaren urrats berri hau. Izan ere, “Riders” ezizena duten autonomo faltsuen lan baldintzak esklabotzatik hurbil daude.
Hain zuzen ere, banatzaile hauek egunerokotasunean pairatzen duten errealitate gordina islatuko duen dokumental labur batekin hasiko da hitzaldia. Langile hauek baliabide guztiak jartzen dituzte –txirrindulak, kotxeak, denbora, osasuna…- eta erraldoi digitalek haien zerbitzuengatik kobratzen dute, bitartekari bezala app soil bat jartzen dutela.
Ondoren, ahots desberdinek, prekarizazio mota berri honen paradigmari helduko diote, beste lan irtenbiderik ez duten gazteak, eta maiz, lan merkatuan are aukera gutxiago duten etorkinek pairatzen dutena. Horrela, hizlari lanetan izango dira: UPV-EHUko irakasle Andrea de Vicente, kontratazio digital mota honen zirrikitu ilunez arituko dena. Bestetik, gazte lan prekarizazioa salatzen duen Eragin erakundeko ordezkari Mikel Alvarez. Eta Azkenik, Alternatibako kide eta EH Bilduko legebiltzarkide Josu Estarrona praktika honen kontra Eusko Legebiltzarrera eramandako ekimenez arituko da.
Ekitaldia datorren urriaren 20an, asteartea, egingo da 18.30etatik aurrera Alternatibaren Bilboko egoitzan, Kasilla Plazako 6. zenbakian.
COVID-19 neurriak: Zuzenean eskainiko bada ere, gure Bilboko egoitzatik jarraitu ahalko da 25 LAGUNERA ARTE, osasun neurri guztiak betez. EZINBESTEKOA DA LEKUA GORDETZEA prentsa@alternatiba.net