Maiatzaren 1ean sarean publiko egin genuen proposamen sozioekonomikoa jendartean ahalik eta gehien zabaltzea da gure nahia. Horretarako, besteak beste, aurkezpen ekitaldia burutu genuen maiatzaren 6an Iruñeko Labrit pilotalekuan.
Nafarroan egin dugu proposamen sozioekonomikoaren jendaurreko lehen aurkezpena; Nafarroan, eta Nafarroatik. Izan ere, bizi dugun krisi sistematiko eta bortitz honek gogor jo du herriadea Barcina eta Jimenezen eskutik.
Krisi egoera larri honek jadanik kaltetuak diren sektoreei eragiten die gehien: emakumeak, etorkinak, pentsionistak eta gazteak. Azken hauek dira beren etorkizuna beltzen ikusten dutenak, baina horren aurrean mobilizatzeko determinazio argia erakutsi dute, martxoaren 29ko greba orokorrean ikusi ahal izan zen bezala.
Esan bezala, mobilizazio ugari burutu ditugu jada egoera hau salatzeko; otsailaren 11ko manifestazioak eta martxoak 29ko greba orokor arrakastatsua dira horren adibide, besteak beste.
Kapitalismoari erantzuna eman diogu kalea, bai; baina hori baino askoz gehiago ere egin dugu: sistema honek alternatiba baduela erakutsi dugu. Ezker Abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Aralarrek eta Alternatibak proposamen sozioekonomikoa garatu dugu elkarlanean; kapitalismo basatiaren irtenbide izan nahi duen proposamen irekia.
Proposamen honek zeri erantzuten dion argi dago beraz. Baina, zer da proposatzen duguna? Hona hemen Oskar Matute Alternatibako ordezkariaren azalpena. Eta horren ondoren, Esne Beltza taldeko Solano eta DZren eskutik, musika pixka bat.
Burujabetza du oinarri proposamenak. Burujabetza, ordea, ez da soilik abertzaletasunaren bandera, justizia sozialaren bandera ere bada. Burujabetzak gauza asko esan nahi ditu: aberastasunaren banaketa, fiskalitatea eta gizarte segurantza antolatzeko beste modu bat, beste industria eredu bat, elikadura burujabetza, sektore publiko sendo bat…
Irtenbidea badago!