Eusko Alkartasunak, Ezker Abertzaleak, Alternatibak eta Aralarrek krisiaren aitzakian Madrildik indarrean ipini diren politika neoliberalak salatu ditugu eta horien aurkako mobilizazioetan parte hartu dugu; izan ere, herritarren eta langileen eskubide sozialetan atzerapausoa ekarri dute eta zerbitzu publikoen desegitea eragin dute.
Era horretara, martxoaren 29ko greba orokorrarekin bat egin genuen, egoerak planto egitea eskatzen zuelako, eta euskal jendartearen erantzuna eredugarria izan zen. Euskal Herria ez zen eskuak gurutzatuta geratu hartzen ari diren neurrien eta ezartzen ari diren murrizketen aurrean, euskal sozietateak ez duelako bat egiten PP Moncloatik garatzen ari den eredu sozioekonomikoarekin eta, neurri berean, ez duelako bat egiten PSOEk eta EAJk, agintzen duten erakundeetan, ezartzen duten ereduarekin, oro har, PPk Madrildik ezartzen duenaren berdina delako.
Egoera horren aurrean, beharrezkoa da jendarteari krisi ekonomiko, finantziero, sozial eta ekologikoari alternatiba eskaintzea, eta herritarrei erakustea egoera honek baduela irtenbidea.
Hala, Ezker Abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Alternatibak eta Aralarrek burujabetza politiko eta ekonomikoan oinarritutako proposamen sozioekonomikoa aurkeztu dugu, bere baitan dauden neurri guztietan agerian uzten duena beste kudeaketa eredu bat posible dela. Burujabetza da egoera hau gainditzeko eta etorkizunera begira egongo den gizartea eraikitzeko gure tresna, indarrean dagoen eredu politikoa, instituzionala eta sozioekonomikoa aldatzeko gaitasuna eskaintzen duelako eta eraldaketa soziala erdiesteko eskaintzen duen aukerarengatik.
Alderdi Popularra Madrildik ezartzen ari den ereduaren alternatiba dena eskaintzen ari gara. Izan ere, PP egiten ari den politika ultraliberala eskubide sozialak eta herritarren ongizatea deusezten ari da. Rajoy, Merkelen ikasle fina den heinean, murrizketa eta pribatizazio politika indarrean jartzen ari da, eta horrek langabezia handiagoa izatea eta murgilduta gauden zuloan oraindik eta gehiago sartzea eragiten du. Agerian geratu da hori Europa osoan, eta nazioarteko erakundeek ere ohartarazi dute zerbitzuak eta eskubideak murriztea dela egiten ari den gauza bakarra. Osasun eta hezkuntza publikoan ezarri dituen murrizketak eta, aldi berean, banketxe pribatuei laguntza finantzieroa eskaini izanak erakutsi digute zeintzuk diren bere lehentasunak: kapitalari mesede egin eta herritarrak zigortzea.
PSOEk ere ezin du esan berea eredu ezberdina denik. Gauden egoeran egonda, garrantzitsuena ez da Hego Euskal Herriko langabezia tasa Espainiakoa baino txikiagoa izatea; kapitalismo suntsitzaile batera lotzen gaituen krisi sistemikoa gainditzea da orain inportanteena. Sozialisten errezetak ere murrizketak jasotzen ditu, eta arlo publikoan egindako zenbait murrizketatan aintzindariak ere izan dira; eta zer esan aberastastasuna eta enplegua sortzeko beren apustuarengatik. Hortxe dugu “fracking”-aren alde Araban egin duten apustua, hain zuzen, krisi sistemikoaren baitan dagoen ingurumen krisian erasaten duena.
Euskal Herrian eskuinaren eskutik agintean den PSOE —Nafarroan UPN babestuz ari da, eta EAEn PPren botoei esker heldu zen Lehendakaritzara— eredu beraren bigarren hanka da. Eta hirugarren hanka EAJ da: bi alderdiekin agintean egon da eta, orain, EAE Sabin Etxeatik gidatzen duela esaten hiru urte eman ondoren, bere proposamen sozionomikoa aurkeztu du, hain justu, ezkerreko indar subiranistok gure proposamena aurkeztu dugun aste berean.
Edukiak aztertuta, proposamen horrek ez du inor harritu, orain arte indarrean egon denaren segida baino ez delako. Gainera, beraien eredua inorekin erkatzeko edo konfrontatzeko asmorik ez dutela ohartarazi dute.
Gaur hemen gaudenok gure proposamena konfrontatzeko asmoa dugu. Izan ere, horixe da bere sortzeko helburua: jendarteak eta eragile sozialek gure proposamena ezagutzea, beren ekarpenak egin ditzatela, aberastu dezatela, bere egin dezatela. Ziur gaude gure proposamenak izango duen sozializazio prozesuaren ondoren, oraindik eta dokumentu hobea izango dugula, osoagoa eta euskal herritarren beharretara oraindik eta hobeto egokituko dena.
Bi proposamenak, gizarteari aurkeztu zaizkion bi ereduak, konfrontatzeko dei zuzen eta argia egiten diogu EAJri. Ezker soberanistarena alde batetik eta EAJrena, PPrena eta PSOErena beste aldetik. Bi proposamenak aurrez aurre jarri nahi ditugu, EAJk aukeratzen duen eredu eta formatoan, nahi dutenean, eta ahalik eta azkarren.
Jendarteak jakin egin behar du zeintzuk diren mahai gainean dauden proposamenak, zeintzuk diren aukeran dituen herri eta jendarte ereduak.