Datorren asteazkenean, abenduak 2, Alternatibak hitzaldi bat antolatu du Gasteizen, azaroaren 25aren ildoan kokatuta, Covid-19 delakoaren ondorioz konfinamendu egoera hasi zenetik emakumeek jasandako indarkeriaren gorakada aztertzeko. Gaiari adituak diren emakumeen ikuspuntu oso desberdinetatik helduko zaio.
Alde batetik, Oneka emakume pentsiodunen plataformako Pilar Hernandezek, kolektiboak pairatzen duen indarkeria estrukturalaz hitz egingo du. Horretarako, pobrezia energetikoa, pentsio ez-kontributiboen prekarietatea, abandonu sozial eta emozionala, isolamenduaren ondorioak eta “amona esklaboaren” sindromearen rola duten familien sostengu izaera aztertuko ditu.
Bigarren esku-hartzea Mariana Teodororen eskutik izango da. Arabako (AEZLE) Etxeko Langileen eta Zaintzaileen Elkarteko kideak migrazio-transitoan emakume arrazializatuek jasandako indarkeriak ikusaraziko ditu, atzerritartasunaren legea, zaintzaren esklabotza eta sexu-indarkeria ardatz hartuta.
Azkenik, feminista, filosofo eta EHUko irakasle Jule Goikoetxeak teorian sakonduko du, pandemia garai honetan emakumeek jasaten duten egiturazko indarkeriaren hazkundea ulertzen laguntzeko.
Asteazkeneko hitzaldia 18:30etan hasiko da, irekia eta sarrera librekoa izango da, egoitzaren edukiera bete arte, Covid-19ren aurkako neurriengatik, beharrezko distantziak bermatzeko murriztua izango dena. Horregatik, ezinbestekoa da izena ematea, prentsa@alternatiba.net helbidera idatziz. Gainera, sarreran maskara jantzita eta eskuak garbitzen direla ziurtatuko da, baita tenperatura hartu. Bertaratu ezin dutenentzat, hitzaldia Alternatibaren youtube.com/alternaTB eta facebook.com kanaletan emango da.