Alternatibako Feminismo Mahaitik gogor salatzen dugu Irantzu Varela kazetari eta ekintzaile feminista ezagunak gaur goizean jasandako eraso misogino eta lesbofoboa. Eraso hau Varelaren aurkako mehatxu eta eraso-zerrenda luzea areagotzera dator, emakumea, lesbiana, feminista eta, batez ere, askea izateagatik.
Erasotzaileak, Basauriko Udaleko funtzionario ohi batek, hainbat kolpe eman dizkio, ahozko eraso matxistak eta homofoboak egin dizkion bitartean.
El Tornilloren aurkezleak askotan salatu ditu bere pertsonaren, lantokiaren eta intimitatearen aurkako erasoak, eta zigorrik gabe geratu dira administrazioek eta polizia-agintariek jazarri nahi izan ez dituzten delituak, hala nola sare sozialetan bere datu pertsonalak zabaltzea. Oraingoan erasoa bere etxeraino iritsi da.
Hala, erakundeei berriro eskatu behar zaie behar diren neurriak har ditzatela, emakumeen segurtasuna ez ezik, askatasuna ere bermatzeko. Izan ere, mugimendu feministaren eta beste erakunde batzuen salaketak eta eskakizunak etngabe eman badira ere, oraindik ez da biktimak modu eraginkorrean babesteko neurririk hartu. Ondorioz, emakume guztiek gizartean eta politikan parte hartzeko duten eskubidea larriki urratzen jarraitzen da.
Alternatibatik gure babes eta maitasun osoa adierazi diogu Irantzuri, eta behingoz jokabide onartezin horien zigorgabetasuna eta naturalizazioa amaitzeko eskatzen dugu. Aurtengo otsailean ekitaldi bat antolatu genuen Bilbon Varelari berari, Pikarako kazetariei eta erasoak jasaten dituzten beste talde batzuei elkartasuna adierazteko. Indarkeria horren aurrean, guk argi daukagu erresistentzia kolektiboak ehundu behar ditugula, birtualak zein fisikoak.