Gipuzkoako Batzar Nagusietan, onartu berri da gertuko liburu denden aldeko ebazpena, EH Bilduren iniziatibaz eta talde guztien onarpenarekin. Gutxieneko akordio bat lortuta, Gipuzkoako Foru Aldundiari zuzendutako lau eskaera onartu ziren:
- Kultur Bonoa mantentzea, gertuko merkataritzaren aldeko diskriminazio positiboa eginda bonoen banaketan.
- Gipuzkoako liburu denden mapa osatzea, herrietako kultur ekosisteman duten garrantzia aztertuta.
- Irakurketaren aldeko kanpaina egitea, bertan sortzen den literaturari eta egileei balioa emanez.
- Udalekin elkarlanean lurraldeko liburu dendak sustatzea, gertuko liburu dendek eskaintzen duten aurrez aurreko harremanari balioa emanez.
Jendartearen eremu sozial, humano eta ekonomiko guztiak erasotzen ari den pandemiak eskatzen du instituzio publikoen aldetik ezinbesteko neurriak hartzea egoerari aurre egiteko, eta horren ondorioak ahalik eta gehien arintzeko. Liburu denden egoerak bi eremutako zaurgarritasuna jartzen du agerian. Alde batetik, gertuko merkataritzaren egoera kezkagarria, zeina eremu handiko merkatalguneen eta Internet bidezko plataforma multinazionalen mehatxupean dagoen. Bestetik, liburu dendak kultur ekosistemaren parte diren neurrian, kulturgintzaren egoera kezkagarria ere jasaten dute, liburuaren arlokoa batez ere.
Izan ere, liburu dendak liburugintzaren balio-kateko katebegia dira: idazlearekin hasi, editorearekin jarraitu, banatzailearekin segitu, eta liburu dendak irakurlearen eskuetan jartzen du liburua, azkenik. Hori eskema tradizionala litzateke, gaur egun, aldaerak dituena, baina oinarrian bere horretan jarraitzen duena. Libururik ez legoke sortzaile batek hamaika ordu eta gehiago sortzen pasatuko ez balitu; edota liburu hori editatu, banatu eta salgai jarriko ez balitz. Kate hori ez da aldatu, kontua da noren esku gelditzen den prozesu hori, eta nolako eragina duen modu batean edo bestean antolatzeak.
Balio-kate horretan, liburu denden garrantzia ez dago liburuen salmentan soilik, herri baten kultur ekosistemaren parte izateak euren garrantzia nabarmentzen du. Aurrez aurreko harremana eskaintzeaz gain, horrek dakarren humanizazioarekin, liburu denda batean idazle bat ezagutzeko aukera dago bere liburua aurkezten duenean; literaturarekin zerikusia duten ekintzak antola daitezke; liburuak ukitu, ikusi, sentitu daitezke; eta, askotan, baita oihartzun txikiko idazlanak deskubritu ere.
Liburu dendak, irakurtzeak bezala, denbora eskatzen du. Presaren kontrako espazioa da. Remedios Zafra idazlearen hitzetan, “presa kapitalismoaren asmakizuna da”, eta ez zaio arrazoirik falta. Merkatu kapitalistak ezin du denbora galdu: “Denborak urrea balio du”. Gertuko merkataritzako liburu denden ereduak bizimodu sozialago eta humano bati lotua izan behar du. Eta eredu hori arriskuan jartzen duten merkatu ere kapitalista hutseko plataformek presa dute: presa saltzeko, presa erosleak lortzeko, presa etekinak handitzeko, presa lehenengoak izateko. Merkatuak agintzen du txikiak ez duela lekurik, eta zazpi lekutako botak behar ditu urrats handiagoak egin ditzan, axola gabe nor harrapatzen duen azpian.
Gipuzkoan zenbat liburu denda ditugu? Gipuzkoarrok ze aukera dugu gertuko liburu denda batean liburuak eskuratzeko? Kulturaren ekosisteman kontuan hartzeko gaia da. Eta instituzio publikoek eragileekin batera heldu behar diote horri. Gertuko liburu denden alde egitea ez da soilik gertuko merkataritza babestea; horrez gain, bada kultur ekosistemaren gertuko eredua aldarrikatzea ere. Balio merkantilistetan oinarritu ordez, balio humano zein sozialetan oinarritzen den kulturgintza eredua bultzatzeak bestelako jendarte bat irudikatzea eskatzen du, pertsonak erdigunean jarriko dituena. Liburuak auzoko liburu dendan eskuratzea urrats bat da bide horretan.