Egun hauetan Gipuzkoako herritarrak harrituta ari dira jarraitzen Zubietako errauste plantaren inguruan EAJk, PSEk eta PPk osatzen duten blokea eskaintzen ari den ikuskizuna.
Atzo EAJk iragarri zuen bat egiten duela PPk Juan Karlos Alduntzin Ingurumen diputatuaren aurka iragarri duen zentsura mozioarekin. Horren aurrean, Euskal Herria Bildu koalizioak gertatzen ari denaren inguruko irakurketa politikoa helarazi nahi dio Gipuzkoako gizarteari.
Lehenik eta behin adierazi behar duguna da Alduntzin diputatuaren aurkako zentsura mozioak ez duela funtsik, eta orain arte gobernuan izan den klase politikoaren ahultasun politikoaren adierazle dela. Eskaera horrek ez du inolako bide politikorik, izan ere, errauste planta egitearen erabakia udalei eta mankomunitateei dagokie, eta Gipuzkoako udalen gehiengoak behin eta berriz adierazi du ez duela jarriko euro bakar bat ere errauste planta eraikitzeko, izan ere, udalek prebentzioa, berrerabiltzea eta birziklatzea ardatz dituen eredua lehenesten dute, eta bazterrean uzten dute errausketa hondakinak tratatzeko bide bezala, horrek mugak jartzen dizkiolako birziklatzeari eta hondakinak sortzea, kontsumoaren eredua, beharrezko duelako errauste planta bideragarri egiteko.
Beraz, bistan da zentsura mozio hau ez dagoela hondakinen arazoa konpontzera bideratuta, kontrakoa baizik: arazoa are gehiago nahaspilatzeko aurkeztu nahi dute. Konponbideak planteatu ordez, EAJk, PPk eta PSEk geroz eta oztopo gehiago ari dira jartzen Gipuzkoaren aurrerabidean. Esan dugu EAJk, PPk eta PSEk planteatutakoak arazoa ez duela konpontzen, horregatik, guztiok, herritar guztiok, buruan dugun galdera honakoa da: zer ote dagoen egiazki honen guztiaren atzetik. Ze interes ditu EAJk, PSE eta PPrekin batera, errauste plantaren gaia hain muturreraino eramateko? Zer egiten du Urkulluren eta Egibarren EAJk Basagoitiren PPri eta Patxi Lopezen PSEri men egiten? Bistan da. Hondakinen arazoa konpontzea lehenetsi ordez, interes politiko eta ekonomiko argi batzuk lehenesten ari dira.
Interes ekonomikoei dagokionez, bistan da errauste plantaren atzean milioika euro daudela, eta eraikuntzaren sektoreko enpresaburuak presionatzen ari dira bai ala bai errauste planta eraikitzeko. Espainiako eredu den adreiluaren ekonomia Gipuzkoan ezarri nahi dute. Adibide ugari ditugu, eta jada ez digute ziri gehiagorik sartuko.
Beste alde batetik, esan dugu zentsura mozioaren atzetik bestelako interes politiko eta alderdikoiak ere badaudela. Euskal Herriaren etorkizuna baldintza dezakeen hauteskunde batzuen atarian gaude, eta EAJrentzat, PPrentzat eta PSErentzat aurre egin beharreko arerioa gu gara, Euskal Herria Bildu osatzen dugun ezkerreko gizon eta emakumeok gara. Egunetik egunera indartzen ari den alternatiba politikoa eta ekonomikoa ordezkatzen dugu, egunetik egunera are egingarriago bihurtzen ari den alternatiba, hain zuzen ere. Sistemaren krisi honetan, EAJk, PSEK eta PPk betikoa defenditzen dute: adreiluaren ekonomia eta espekulazioa, eta horren aurrean, Euskal Herria Bildu aldaketarako aukera bakarra da. Horregatik, egunak joan egunak etorri, gero eta urduriago daude, eta etsita jokatzen dute, eta atzokoa horren isla da. EAJk, PSEk eta PPk gauzak bere horretan utzi nahi dituzte. Ez dute nahi ezer aldatu. Hondoak jota eta krisi ekonomiko latzean dagoen eredua biziberritu nahi dute, nahiz eta eredu horren ondorioz gaur egun milaka eta milaka langabetu izan, egunero jendea etxerik gabe geratu, eta pobreziaren muga geroz eta jende gehiagok gainditu. Eta ezin aipatu gabe utzi eredu honek ere ingurumen krisia ere eragin duela, naturaren ustiaketa irrazionalean oinarritzen baita eta azpiegitura handietan dirua xahutzen dutelako. Ondorioz, gaur egungo eredua sostengaezina da, bai ikuspegi ekonomikotik bai ingurumen ikuspegitik. Eredua agortuta dago, eta aldatu egin behar da berehala.
PPk, PSEk eta EAJk sostengatzen duten lobby politikoak Gipuzkoako gobernua ahultzea du helburu, horrekin ezkerreko eta abertzalea den alternatiba ahultzeko. Batzuen eta besteen helburua argia da: kosta ahala kosta saihestea Euskal Herria Bilduk hauteskundeak irabaztea. Modu horretara saihestu nahi dute independentismoak herri honi hitza eta erabakitzeko gaitasuna ematea, eta beste alde batetik, batzuei pagotxa bukatzen zaienaren beldur dira, izan ere, Euskal Herria Bildurekin eraikuntzaren enpresaburu handiek eta enpresa energetiko handiek ez dutelako aldeko traturik izango inongo komisioren truke.
Horregatik, EAJ, PSE eta PPri dei egiten diegu euren interes politiko eta elektoralak lehenestea uzteari, eta Gipuzkoaren eta Euskal Herriaren arazoak konpontzeko proposamen positiboak egiten hastea. Tamalez, atzo EAJk egindako urratsa kontrako norabidean doa erabat, eta, gainera, ez du hondakinen arazoa konponduko.
Amaitzeko, argi eta garbi esan nahi dugu Euskal Herria Bildu lanean jarraituko duela, orain inoiz baino gogo gehiagorekin, alternatiba politiko eta ekonomiko bat eraikitzeko Gipuzkoarentzat eta Euskal Herriarentzat, erabaki eskubidearen errespetuan, justizia sozialean eta ingurumenarekiko errespetuan oinarrituta.
Eta gaur inoiz baino indar gehiagorekin dei egin nahi diegu herritarrei iganderako errausketaren kontra antolatu den ekimenean parte har dezaten. Igandean osatuko dugun kolorezko mosaikoak aurre egingo dio Egibar, Basagoiti eta Lopezen modukoen kolore grisari, herri honetan ezer aldatu ez dadin nahi duten horiei, hain zuzen ere.