Maiatzaren 17an LGTBIfobiaren kontrako eguna ospatzen dugu. Duela 31 urte Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea gaixotasunen zerrendatik kendu zuen, eta duela 41 urte poliziak Vicente Vadillo Santamaría, Francis, Errenterian hil zuen, trabestia izategatik. Eta gaurdaino lesbianak, gayak, bisexualak eta transexualak diskriminatzen, jazartzen, erasotzen eta baztertzen jarraitzen dute erakundeetan, lanean, eskolan, kirolean eta aisialdian…
Errebindikazioz eta borrokaz jositako hamarkadak pasa dira. Diskurtso nagusiek aurrerapen garrantzitsuez hitz egiten digute, berdintasun faltsu batez, non sexu-genero sistemako disidenteek diskriminazio isolatu edo puntualak bakarrik jasaten dituzten. Errealitatea bestelakoa da: aurrerapausoak eman dira azken hamarkadetan, bai, baina baita atzerakadak ere, zuriketa-politika ez eraldatzaileen eta gorroto-diskurtsoen aurrerapenaren eskutik. Lortutako eskubideak etengabe daude arriskuan, are gehiago LGTBI pertsonen premiei erantzuten ez zaien krisi-egoeretan. Egoera horien ondorioz, desberdintasun-, bazterketa- eta diskriminazio-maila handiagoak sortzen dira eremu guztietan, bereziki egoera zaurgarriran daudenetan, hala nola migratzaileetan, adinekoetan, gazteetan eta nerabeetan.
Hori guztia oso agerian geratu da aurten: pandemiak eta pandemiaren kudeaketak inpaktu handiak eragin dituzte herritarrengan eta, bereziki, LGTBI pertsonengan, ezarritako esparru bitarra eta zisheteronormatiboa indartuz. Hasiera batean, seguruak ez diren espazioetan konfinatu behar izan dira; kalean jazarri eta seinalatu egin dituzte; asko beren burua babesteko armairura itzuli dira; beren osasun-beharrizan espezifikoei ez zaie modu egokian erantzun; isolatuago eta beren sare sozialetatik deskonektatuago egon dira, aldi berean, indarkeria ikusezinago baten eraginpean zeuden bitartean. Gaur egun, krisi ekonomiko larria dago, eta litekeena da LGTBI pertsonek, batez ere Trans pertsonek edo ezkutuko ekonomian lan egiten duten askok bezala, lan-bazterketa eta prekarietate handia izatea. Gainera, eskola- eta osasun-esparruetan arreta eta jarraipen normalizatu eta egokirik gabe jarraitzen dugu, ondorio nabarmenekin, hala nola iristen ez diren osasun-diagnostiko eta -tratamenduekin edo premiazko sendagaiekin. Gaur egun, COVID19arekin zerikusia duten pertsonen jarraipen- eta kontrol-sistemak daude mahai gainean, eta ondo erabiltzen eta kudeatzen ez badira, disidentziak kontrolatzeko beste tresna bat izan daitezke, LGTBIa esaterako.
Gorroto-diskurtsoak normalizatzen eta areagotzen ari dira, sektore ultraeskuindarren eskutik. Sektore horiek LGTBI pertsonen aurkako erasoak areagotzen ari dira, beren sexu-orientazioagatik edo genero -identitate edo -adierazpenagatik. Bereziki aipatu behar da kolektibo zaurgarrienetako bat, Trans pertsonena, jasaten ari den eraso- eta indarkeria-maila altua.
LGTBI pertsonek sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik eskubideak galtzeko eta diskriminazioa eta bazterketa handiagoa jasateko arrisku errealean daude. LGTBI pertsona guztiekiko gorroto-diskurtsoen eta -ekintzen aurka borrokatu behar dugu, bereziki kolektibo ahulenetako pertsonekiko. Adi egon behar dugu, eta administrazioei gorroto-diskurtsoen aurka borrokatzeko politika aktiboak eskatu behar dizkiegu, bai eta politika feminista intersekzionalak bultzatzea ere, pandemia LGTBI pertsonengan izaten ari den ondorioei aurre egiteko.