Alternatibako bozeramaileak, Oskar Matutek, libre utzi dituzten hamahiru lagunak zoriondu nahi izan ditu, Auzitegi Nazionalak D3M-Askatasuna prozesuan auzipetutako guztiak absolbitu egin dituela gaur jakinarazi ondoren. Matuterentzat erabat “logikoa” izan da erabakia: “Absoluzioa baino ezin zitekeen espero politika egiteagatik bidegabeki epaituak izan diren pertsonentzat, Euskal Herriari eskaintza elektorala egiteagatik auzipetu baitituzte”. Ildo beretik, ordezkaritza politikorako eskubidea ukatzeak, “Espainiako Erresuman urteotan egin izan den bezala, demokraziaren izaera bera zalantzan jartzen du” gaineratu du.
Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak deitoratu duenez, “merkatuen eta boteretsuen beharren arabera moldatzen den demokrazia bizi dugu”, baina Espainiako Gobernu desberdinetatik marraztu duten joko zelai injustu horretan ere, “guztiz muturrekoa, totalitarioa eta antidemokratikoa” iritzi dio hauteskundeetarako zerrenda bat osatzen ari zirenen lagunentzat kartzela zigorrak eskatzeari. Horrexegatik, Alternatibatik epaia ospatu dute, “ahaztu gabe hamahiru auzipetuek beren absoluzioa lortu arte bizi behar izan duten bide ankerra”.
Matutek esan du, azkenik, Euskal Herritarren gehiengo zabal batek kalean aldarrikatu duela behin eta berriro epaiketa politikoen amaiera, eta, “tamalez, oraindik ere egiten jarraitu beharko duela, Bateragune bezalako auziengatik kartzelaratutako preso politikoak badirelako”.