Estatu laikoa erakunde edo sinismen erlijiosoren eraginik edo esku-sartzerik jasaten ez duena da, hau da, eliza boterearekiko erakunde publikoen independentzia bermatzen duena, erlijioa pertsonen eremu pribatura, pertsonal eta taldekakoa, mugatuz.
Laikotasunak sinismen ezberdinen arteko elkarbizitza hobea bermatzen du, sinistedunen interesei gizarte zibil osoaren interesa lehenesten baitie. Estatu laikoak giza eskubideekiko begirunea du helburu nagusitzat, beraz, feminismoa eta laizismoa hertsiki loturik daude, biek defendatzen dituzte-eta giza eskubideak eta emakumeen askatasuna.
Erlijio guztiek, bereziki monoteistek, emakumeek izan eta egin behar dutena arautu izan dute. Eliza Katolikoak, hain justu, emakumeei euren bizitza eta gorputzen gaineko erabakitze-eskubidea zein euren sexu askatasuna ukatzen die.
Azken urteetan Eliza Katolikoa bizi politikoan gero eta maizago ari da esku hartzen, bere arlotik kanpo dauden gaiei buruz iritziak ematen. Pertsona bakoitzak izateko (ala ez izateko) eskubidea duen sinismenak gizarte osoari denona ez den erlijio moral bat inposatzearekin nahasten da.
Gainera, Eliza Katolikoak historikoki hainbat lehentasun edo pribilegio gozatu izan ditu, 1979an espainiar estatuak eta Vatikanoak sinaturiko itunaren bitartez, zeina Konstituzioa indarrean sartu eta oso gutxira sinatu zen, erlijio katolikoa “beste funtsezko gaien ezaugarri berberetan” ikasteko hautazkotzat eskaini zen. Berriki, espainiar gobernuak Elizarekin adostu du errenta aitorpenean eginiko hamarrena %0,5etik %0,7ra igotzea. Ezin da ahaztu, gainera, hezkuntza katoliko pribatua, hezkuntza publikoko erlijio irakasleen soldata, apaizen soldata eta gizarte segurantza kostua eta zerga salbuespen bitartez lortzen duena. Hau guztia 1979an Vatikanoak eta gobernu espainiarrak sinaturiko itunarekin berarekin dago kontraesanean, bertan “Eliza Katolikoak bere kabuz bere behar-izanak asebetetzeko helburua hartzen du bere gain” esaten zen.
Beraz, eraikitzen ari garen erakunde politiko berritik honakoak exijitzen ditugu:
- 1979ko espainiar estatuaren eta Vatikanoaren arteko akordioak bertan behera uztea, akordiook 1953ko Konkordatu frankistaren oinordeko baitira eta erlijio katoliko semiofizial egiten baitute.
- Inolako elizarik ez finantzatzea diru publikoarekin.
- Hezkuntza publikotik erlijioak ateratzea, eskola laikoa sustatuz giza eskubideen eta askatasunen defentsa tresna ez sexista moduan.
- Eraikin edo ekitaldi publikoetatik erlijio sinboloak baztertzea.
Laburtuz, benetako estatu eta elizen arteko banaketa proposatzen dugu, arlo politiko eta zibila erlijiotik bereiziko dituena, non pertsonen eskubide eta betebehar berdintasuna onartuko den, denen askatasuna bermatuta. Laikotasuna da, izan ere, gizarte plural batean ideia eta sinismen ezberdinak dituzten pertsonen elkarbizitza berma dezakeen esparru bakarra.