Alternatibako Mahai Feministako bozeramaile Amaia Agirresarobek instituzio guztiei eta Irungo herritarrei dei egin die gaur, alarde mistoa osatzen duten konpainiak babesteko kalera atera daitezela bihar, “benetan publikoa den alarde bakarra, parte-hartzailea eta bazterketarik gabekoa sostengatzeko”. Babes honek bilatu behar duena, alarde mistotik aldarrikatzen dutenez, “etorkizunean alarde bakarra egotea da, parekidea eta parte hartu nahi duten pertsona guztiei zabalik”.
Agirresarobek gogorarazi duenez, Emakundek Berdintasun saria eman die aurten Irungo eta Hondarribiako alardeei eta, gaineratu duenez, “15 urtez jai herritar publikoak eta parte-hartzaileak sustatu dituztenentzat ondo merezitako saria bada ere, egin dakiekeen aitortzarik handiena kaleko babesa da, konpainiek kaleak zeharkatzean jasotzen dituzten txaloak” alegia.
Urtero Irunen eta Hondarribian egin bezala, Alternatibako ordezkariak Bidasoa aldeko hirian izango dira, alarde mistoari sostengua eta babesa adierazteko, Irungo milaka gizon-emakumeekin batera, “inolako bazterkeriarik gabeko festa demokratikoak aldarrikatzeko”.