Astebeteko epean bi gazte etorkin hil dira Euskal Herrian. Bata lan esplotazioaren eraginez, bestea migrazio politiken ondorioz. Lehenengoaren izena badakigu: Luis Enrique Soriano, Azkoitian bizi zen dominikarra. Bigarrenak ere izena badu, baina ezezaguna zaigu; migratzaile bat, heriotzaren orduan nortasuna ere galdu duena. Irunen zendu da, Bidasoa zeharkatu nahian. Auskalo zenbat ehunka kilometrotako bidaia latzari itota amaiera heldu zaio. Biak ala biak Europak migratzaileekin daraman politika anker, latz eta hilgarrien biktimak dira.
Azkoitiko gaztearen kasuan bi aldetik jaso zuen jipoia; batetik gazte askok jasaten duen lan esplotazioaren adibide izan da, non lan egitea sufrikarioa bihurtzen den. Eta horri gehitzen zaio migratzaile izatea, babesgabetasuna areagotu egiten dela, esplotazio ankerragoari bidea zabalduz. Bere buruaz beste egitea bi ardatz horien elkarketaren emaitza da, hortik salaketa hirukoitza: gaztea, langilea eta migratzailea, egungo jendarte injustuan heriotzarako bidea zabaltzeko arriskua.
Bidasoan itotako gaztea, berriz, politika migratzaileen biktima zuzena da. Mugak ixten zaizkie, poliziak jazartzen zaizkie, inexistentziara kondenatzen dituzte. Harrera Sareak behin eta berriz salatu izan du heriotzen arriskua. Eta hau itota ematen den bigarrena da, eta beste hirugarrena ere badago, Bidasoako ur ertzetan bere buruaz beste egin zuen gazte etiopiarrarena. Zenbat heriotza behar dira migrazio politikak aldatzeko? Badirudi kopururik ez dagoela Europa aberatsarentzat. Milaka eta milaka pertsona hiltzen dira urtero kontinentera heldu nahian. Eta helduta ere hiltzen jarraitzen dute. Baina ez da ezer egiten sarraski hau eteteko.
Mundu solidarioa, justua, eta berdinen artean eraikitakoaren alde borrokatzen dugunok, pertsona guztientzat eskubide guztiak aldarrikatzen ditugu; horien artean bizitza hobea bilatzeko migratzearen eskubidea. Mundua ez da inorena, guztiona baizik. Guztiok eduki behar dugu eskubidea munduan libre ibiltzeko, gure biziak arriskuan jarri gabe. Guztiok dugu eskubidea lan duina izateko, esplotatuak ez izateko eta etorkizun on bat amesteko.
Bi gazte hauen heriotzek badituzte arduradunak. Migrazio politikak eta lan esplotazioa, eta horiek bultzatu, mantendu eta deuseztatzen ez dituztenak. Horiekin amaitzea beharra dugu. Beste mundu bat posible da.
Alternatibak bi heriotza hauek salatzeko deitutako elkarretaratzeekin bat egiten du.