Egun zailtasunak zailtasun aukeraz beteriko garaia zabalduz doala ikusten dugu, Euskal Herriak pairatzen duen gatazkari benetako konponbidea emateko atea zabalik da. Bide horretan aldaketa politiko eta sozialerako urratsak egunez egun lantzen ari dira. Ezkerreko esparru soberanista etengabean handituz doa, bai eremu politikoan, bai instituzionalean, bai sozialean. Azken bolada honetan Arabak egundoko jauzia ezagutu du aipatutako norabidean: hauteskundez hauteskunde aldaketarako esparru soberanistak gora egin du; langileon eskubideen defentsan mobilizazio iraunkorra antolatu da; martxoaren 29ko greba orokorra egun arrakastatsua izan zen; gazte belaunaldi berriak susperraldia bizi izan du, eta abar. Besteak beste, gaurko argazkia horren adierazle dugu. Argazki eraikitzaile bezain anitza. Aldaketarako argazkia.
Gaur hemen bildutakook konpromiso hitza lokailu hartzen dugu, bakoitzak berean eta berari dagokionean, ezkerreko esparru soberanistaren loratze honi geure alea ere erantsi diezaiogun. Geuk ere Araba ezkertiarra eta abertzalea eraiki nahi dugu. Geuk ere aldaketa eraikitzen parte hartu nahi dugu. Geuk ere uste baitugu beste Euskal Herri bat, beste Araba bat posible dela. Horregatik, euskaltzaleak, irakasleak, gurasoak, ekonomilariak, abokatuak, medikuak, etxeko langileak, erizainak, sindikalistak, kulturgileak, musikariak, idazleak, kirolariak, gazteak, herrigintza nahiz gizartegintzako eragileak, jubilatuak, autonomoak, langileak, enpresariak, kazetariak, nekazariak, abeltzainak, ingurumen teknikariak, langabeak… Askotariko lagunak eta esparru askotakoak bildu gara gaurkoan garai berriari gure hitza eta eskua luzatzeko, bide berri honetan guk ere parte eta “aktore” izan nahi dugulako, “aldaketarako filma” ekoiztera goazen honetan, denon artean, norberak beretik, konpromiso bateratuaz.
Ildo horretatik, Arabarron Konpromisoa esanahiz beteriko aipamen bilakatzera goaz. Errealitate ezkertiarra eta anitza eraiki dezagun, etorkizuna abertzale, euskaldun, solidario, feminista, internazionalista eta ekologistagoa izan dadin. Bide horretan aurrera egiten lagundu nahi duen norbanako oro Arabarron Konpromisoaren parte izango da, geure etorkizuna elikatuko duen ur-jauzi etengabe eta emankorraren parte.
Gaur hemen bildutakook bat egiten dugu aro honetan zabalduz doan ibilbidearekin. Horregatik, aldaketa politiko eta sozialaren bidean indarrak biltzeko ahalegina babesteko asmoz, EH Bilduren eskaintzarekin ere bat gatozela adierazi nahi dugu, bide berriak zabaltzen jarrai dezan geure konpromisoarekin bat etorriz.
Beraz, gure eremutik ekarpena egiteko prest gaude. Egunez egun norbanakoon lantokitik edota eragin gunetik urratsak ematen jarraituko dugu. Hauxe da geure ekarpena, hauxe da geure konpromisoa; garai berriarekiko ARABARRON KONPROMISOA!