Bizkaiak bizi duen egoera ekonomiko eta sozial larriarekin arduratuta gaude Euskal Herria Bildun. Ekonomia espekulatiboak eragin duen krisi sistemikoaren aurrean gaude eta, gainera, eskuin neoliberaleko agintariak berau aitzakia bezala hartzen ari dira borroka sozialaren bidez urteetan lortutako eskubide sozial eta laboralak bortizki murrizteko.
Jendartearen interesen aurrean gutxi batzuen interes ekonomikoetan oinarritutako politika egiteko ereduaren adibiderik esanguratsuenetako bat Supersur edo Hegoaldeko Saihesbidearen eraikuntza da. Bizkaiko jendartearen gehiengo zabal bat irmo azaldu zen errepide azpiegitura horren eraikuntzaren aurka, gure herrialdeak zeuzkan trafiko arazoei ez zielako inolako konponbiderik ekarriko eta, hori gutxi balitz, eragingo zituen kostu ekonomikoak, sozialak eta ingurumen arlokoak erabat jasangaitzak izango zirelako.
Supersurra zabaldu zutenetik urtebete joan da, eta datuek arrazoia ematen diete Diputazioaren megaproiektuaren aurka azaldu ziren pertsonei, kolektiboei eta eragileei. Aurreko apirilean, Aburto jaunak aitortu zuen Diputazioak aurreikusitako erabilpenaren %44 ere ez zeukala Hegoaldeko Saihesbideak. Hau da, Bizkaiko Foru Aldundiak inoiz egin duen herri-lan handi eta garestiena ia ez da erabili ere egiten. Eta foru diputatuari ahaztu zitzaion esatea ia baliabide guztiak baldintzatzen dituela eta Bizkaiko eskualdeen artikulaziorako beste errepide batzuenganako arreta atzeratu duela. Ermuako saihesbidea ez egitea horren adibide esanguratsuenetako bat da.
Aldundiak berak emandako datuen arabera, datu lazgarriak azaltzen zaizkigu azpiegitura honen kudeaketari dagokionean ere. Aurtengo apirilera arte, errepide honek 2,8 milioi euroko diru sarrerak utzi ditu, urtebeterako kontuak eginda 6 milioikoak izango liratekeela. 6 milioi besterik ez, PNVren gobernuak 25 milioi euroko aurreikuspenak egin zituenean. Kopuru larri honi gehitu behar zaio Supersur kudeatzeak 10,5 milioi euroko gastua dakarrela urtero. Ondorioz, bizkaitarren etorkizuna hipotekatzeaz gain, inondik inora beharrezkoa ez zen makroazpiegitura honek 4 milioi euroko defizit gehigarria eragingo digu urtero. Honek eragina izango du etorkizuneko aurrekontuetan, ikusiko dugu nola beste gastu batzuk murriztuko dituzten inoiz eraiki behar izan ez zuten azpiegiturak utzitako zuloa estaltzeko.
Baina, itxura guztien arabera, kudeaketa negargarri horrek ez du inolako eraginik izango EAJk gidatzen duen Diputazioan. Are gehiago, egin zuten akatsa aitortzeko prest ere ez daude. Beraz, Supersurraren gaiaren kudeaketa negargarria izan da, baina EAJk kalterik gabe atera nahi du arazo honetatik, eta ezelango erantzukizunik hartu gabe. Alde horretatik, komeni da gogoratzea 2004. urtean, oparotasun ekonomikoen garaietan, EAJ ereduaren defendatzaileek bere burua akats gabetzat zutenean, Jose Luis Bilbao diputatu nagusiak adierazpen hauek egin zituen, esandakoaren larritasunaz jabetu ere egin gabe: “Obra hau guk, gure seme-alabek eta gure bilobaren batek ere ordainduko du”.
Behingoagatik ere, arrazoia zeukan Bilbao jaunak: ingurumen zein aurrekontu aldetik daukan kostua izugarria izanda ere ia erabili ere egiten ez den Supersurrak Bizkaiko belaunaldi askoren etorkizuna baldintzatuko du. Batez ere kapitalaren interesak pertsonen interesen aurretik jartzen dituen eredu honen aurrean babes txikiena duten pertsonena. Eta orain, oparotasun ekonomikoen garaiak ahaztu zaizkienean, garai bateko diru xahutzeak astakeria galantak iruditzen zaizkie askori. Baina duela urte batzuk batzuk ohartarazi genuen desarrollismoan oinarritutako eredu honek ondorio dramatikoak izango zituela.
EAJren ereduak, Bizkaian beti PPren eta PSE-EEren babesa izan duenak, kosta ahala kosta erreskatatzen ahalegintzen ari direnak, era honetako obra faraonikoak behar ditu aurrera egingo badu. Horregatik, inoiz ez dute onartuko Supersurra eraikitzea akats larria izan zela, hanka sartu zutela onartzen badute beraien ereduak porrot egin duela aitortuko dutelako. Bai, Bilbao jauna, krisia estatuko erakundeei leporatu nahi diozuen arren, zure ereduak, EAJren ereduak, porrot egin du. Zuk krisiaren sorrera leporatzen diezun horiek direlako zure politika okerren babesle eta laguntzaile nagusiak, non azpiegitura erraldoien eraikuntza eta murrizketa sozial eta laboralak nagusi diren. Eta Supersurra horren adibide argienetako bat da.
EH Bildutik salatu nahi dugu EAJ urteak ari dela enpresa ikuspegia lehenesten den politikak egiten, akats tekniko eta ondorio ekonomiko kezkagarriak dituena. EAJren ustezko seriotasunaren eta ageriko kudeaketa onaren ereduak itoginak baino ez ditu.
Banketxeen kudeaketa txarra egungo porrot ekonomikora ekarri gaitu eta kudeaketa politiko txarrak eraginda egungo krisiari eta jendartearen oinarrizko premiei aurre egin ahal izateko egoera oso zailean gaude.
Baina EH Bildutik uste dugu Bizkaian badela herritarren etorkizuna hipotekatzen duen eta porrot egin duen eredu honentzat alternatiba egingarria.
Alternatiba hori Bizkaiko garraioan inbertitzean oinarritu behar da, baina inbertsio hori garraio publikoaren eskaintza hobetzeko eta handitzeko erabili behar da, plan integral bat diseinatuz, bizkaitarrek ditugun beharrei erantzuteko. Gure herrialdeko trenbideak berreraiki eta egokitu behar dira, bikoizketa lanak eginez. Garraio publikoan oro har eta trenbideetan egindako inbertsioek enplegua sortzeko balio dezaketelako, ingurumenaren iraunkortasuna eta errepideetako garraioa hobetzen dutelako.
Justizia sozialean oinarritutako inbertsio apropos batekin osatzen da gure alternatiba, aberastasunaren banaketa ekitatiboa lehenesten duena; diru gose asegaitza dutenen horien pribilejioak beharrean herritarren interes orokorrak aurretik jartzen dituen alternatiba; pertsonak eta ez kapitala erabakien erdigunean jarriko duen politika egiteko eredu berria; desarrollismo basati eta kontrolik gabekoaren interesak baztertu eta ingurumenaren zaintza lehenetsiko duen eredua. Azken baten, egunerokoan aurrera egiteko lan egiten dutenak protagonista izango dituen alternatiba, eta ez krisi ekonomiko eta sozial larri honetara eraman gaituzten akzioen eta 500 euroko billeteen bildumazaleak.