Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek albiste ontzat jo du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak hartutako erabakia Ines del Rio presoak aurkeztutako helegitearen harira: “Lehenengo eta behin, Parot Doktrinak pairatu dutenen kaltea ordaintzeko balio beharko litzateke”. Ildo honetatik, gogorarazi du “pertsona guztien giza eskubide zein eskubide zibil eta politiko guztien defentsa egiten duenarentzat, agerian dago presoen eskubideak behin eta berriro urratzen direla dena ETA dela irakurketaren eta zigor bikoitzak ezarrita, presoei zein beren senitartekoei”.
Hala, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak adierazi du “Estrasburgoren erabakia Espainiako Estatuari hausnarketarako tartea ekarriko diola, euskal gizartearen gehiengo zabal batek eskatzen ari den espetxe politika aldarazteko”. Zentsu berean, “egoera politiko berria egonkortzeko eta gatazkaren behin betiko konponbiderako mesedegarria” izango litzatekeela esan du.
Azkenik, Jorge Fernandez Diaz ministroak iragarritako errekurtsoaren kontra, Alternatibatik “salbuespen zein mendeku legeen arabera kartzelan jarraitzen duten preso guztien askatasuna” eskatu dute. Era berean, Espainiako Erresumako Gobernuak Ines del Rio espetxetik ateratzeko asmorik ez duela ikusita, Matutek ohartarazi dio Raxoiri “herritarren gehiengoak eskertuko liokeela jarrera intsumisoa Bruselarekin hartzeko Estrasburgorekiko hartu beharrean”, Madriletik inolako eztabaidarik gabe onartu dituzten irizpide ekonomikoak aipatuz.