Alternatiba osatzen dugunontzat, modu bakarra dago Mariano Raxoik eta Espainiako erregeak gaur presidituko duten ministroen kontseiluan gertatuko dena: Estatu kolpea. Merkatuek zuzendutako estatu kolpea, klase herritarren duintasunarekin amaitu nahi duena, botere politikoaren birzentralizazioa bilatzen duena eta urte luzez ongizate estatu gisa saldu diguten iruzurraren errotik desegitera datorrena.
Espainiako Erresuman, gezurra eta kirtenkeria nonahi ikus daitezke, PPren egungo Gobernuan zein PSOEren aurreko exekutiboan. De Guindos ministroak esan zigun “krisiaren ondorioak bankuek ordainduko zituztela”, eta Raxoik duela gutxira arte zioen “Espainia ez zegoela interbenitua eta ez zuela BEZa igoko”. Eta, zein da egun inposatzen diguten errealitatea? Murrizketa basatia eta zekena, gizarte bazterkerian milaka pertsona utziko dituena, baita hemen ere, Euskal Herrian.
– BEZa bi eta hiru puntu artean igo izanak Europako BEZarik altuena duten Europako Belgika edo Erresuma Batua bezalako herriekin parekatzen gaitu. Herrialde horietan, alabaina, Gutxieneko Soldata bi edo hiru aldiz handiagoa da dute; igoerak, beraz, erosteko ahalmena galtzea dakar, bizitza duinaren sostengarritasuna oso zail egiten duela.
– Are iraingarriagoa da langabezia sariaren murrizketa, langabeak enplegu bila aritzera bultzatuko dituela argudiatuta. Zinismo ariketa hain handia da ezen lan ministroa eta gobernuko presidentea dimititzera eraman beharko lituzkeela. Beste 600.000 lagun kale gorrian uztera doaz.
– Funtzionarioen abenduko estraren ezabaketa eta berau 2015ean berreskuratzea pentsio funtsetan ekarpena eginda ankerkeria hutsa da. Soldatak murrizteaz gain jokaldi bera baliatzen dute bankari mozkinak ematen jarraitzeko pentsio funts pribatuetan dirua txertatuz; PSOEk eta PPk pentsio sistema publikoa desegiteko egin behar izan duten guztia egin ondoren.
– Menpekotasun Legearen erreforma, jatorrian ere nahikoa ez zen legearena, are gehiago sakonduko du erabateko prekarietatean egiten diren zaintza lanaren baldintzetan, emakumeen esku dauden lanak batez ere eta gure bizitzarako ezinbestekoak direnak.
– Zinegotzien kopurua %30 murrizteak aniztasun politikoa desagerrarazteko helburua besterik ez du. Merkatuek PP eta PSOEren arteko bipartidismo leiala eta otzana behar dute.
Laburbilduz, estatu kolpe bat; eta Madril, Gasteiz zein Iruñeko gobernu txotxongiloek ez dute inolako arazorik izango klase herritarrak zapaldu eta sakrifikatzeko hondamendira eraman gaituztenen eskutik, Madrilen meatzariekin egin duten bezala. Alternatibatik gure babes osoa adierazi nahi diegu.
Une erabakigarria bizi dugu, kapitalismoak bere iraupena oztopatzen duen edozeinen kontra daraman borrokan. Ez dute inolako arazorik izango behar beste pertsona zapaldu eta kriminalizatzeko. Jakin badakitelako, guk dakigun bezala, haien kapitalaren eta gure bizitzaren arteko lehia bizian murgilduta gaudela.
Beste aukerarik ez dagoela sinestarazi nahi digute, beste biderik ez dagoela eta ardurarik ez dutela diote. Eta berriz ere gezurretan ari dira. Badakitelako iruzur global honen erantzukizun bakarra haiena dela, kapitalismoa gurtzen dutenena. Oraingo honetan ezin diote gehiegikeriarik leporatu ezkerrari. Haien sistema izan da, merkatuekiko menpekotasunaren onespenak eta gizartea antolatzeko moduak porrot egin duena.
Alternatiban argi daukagu honek irtenbidea baduela. Eta irtenbide hori herri eta eredu justuagoa eraikitzeko aukera emango diguten neurrietan oinarritzen da. Horregatik premiazkoa dugu Euskal Herriaren erabateko burujabetza aldarrikatuko duen alternatiba martxan jartzea, merkatuekiko menpekotasunetik askatzeko modu bakarra delako. Eta premiazkoa da, halaber, haien murrizketei pertsonen duintasunaren alde egingo duten proposamenekin aurre egitea.
– Egun inoiz baino ageriagoan dago 35 lanorduen aldarrikapena. Dagoen lana eta gero eta esku gutxiagoren artean dagoen aberastasuna banatzea ezinbestekoa da.
– Atzeraezina da zerga politiken erreforma aurrera eramatea, progresibotasuna, zerga iruzurraren jazarpena eta pribilejioen desagertzea oinarri izanda.
– Gizarte justuagoa eraikitzeko berehala igo behar dugu Gutxieneko Soldata, egungo 641 euro ziztrinen gainetik, mila euroren mailatik gora.
– Etxe desjabetze guztiak ekidin daitezke, Grezian bezala, bankuek hipoteka ordaindu ezin dutenak desjabetu ditzaten galarazita.
– Makro proiektuak geldiarazi behar ditugu, eraikuntza enpresen mozkina besterik ez baitute bilatzen PP, PSE, UPN eta PNVri esker. Supersur da eredurik argigarriena, amalurra porlanez estaltzeko bakarrik balio dutelako erakunde publikoak zergapetzen dituzten bitartean. Inbertsio horiek askoz beharrezkoagoak diren politika sozialetara bideratu behar dira.
– Euskal banku nazionala sortzeko proiektuari eutsi behar diogu, funtzio soziala eta ekonomia planifikatzeko zereginak izango dituena, Kutxabank pribatizatu dezatela saihestuta, PPk, PSEk eta PNVk nahi duten bezala.
– Zorraren benetako kontu ikuskaritza exijitzen dugu, zilegi den zorra ordaindu eta bidegabea ez ordaintzeko. Europako teknokratek badakite ez dela zorra ordainduko, gezur handi bat delako. Murrizketak, aldiz, oso errealak dira.
Alternatibak Euskal Herriko gizon-emakumeekin batera, ezker sindikal, sozial eta politikoarekin batera egin nahi duen bidea da hau. Erantzuteko ordua da, batera eta herriz herri kalera ateratzeko ordua. Basakeri hau geldiaraztea dugu, zutik gaudelako; pertsona guztien eskubide guztiekiko errespetuagatik kalera ateratzeko prest gaudelako. Horrexegatik, herritarrei dei egiten diegu Euskal Herriko ezker subiranistaren eskutik bakarrik etorriko den aldaketaren subjektua eraikitzera batu daitezen.
Ildo horretatik, euskal sindikalgintzak eta mugimendu sozialek gaur deituk dituzten mobilizazioekin bat egiten dugu, esan bezala, indarrak batu eta kalean erantzutea ezinbestekoa delako Mariano Raxoiren Gobernuaren eraso bortitzen aurrean.
http://alternatiba.net/old-files/120713AlternatibaRecortes01.jpg
http://alternatiba.net/old-files/120713AlternatibaRecortes02.jpg