Gizakiok esperientzia estresagarriak bizi ditugu egunero eta antsietatea errutinaren barnean sartzen dugu, baina jarrera horrek apurka-apurka barruan daukagun ezinegona areagotzen du eta honek lehertzerakoan neurri desegokiak hartzeko arriskua dago. Horren adibidea da Leioako Euskal Herriko Unibertsitatean urriaren 13an eskopeta batekin tiroka aritu zen ikaslea. Izan ere, ekintza horrek agerian ipini du pertsona askok dituzten zailtasunak haien emozioak kudeatzeko. Horrenbestez, beharrezkoa da adimen emozionalaren garapen sakona egitea hezkuntzako etapa guztietan Leioan gertatutakoa bezalako ekintzak saihesteko.
Lehenik eta behin, Howard Gardner eta Daniel Goleman psikologoen teorietatik abiatuta, argitu beharra dago adimen mota desberdinak bereizten direla eta adimenaren bi ikusmolde handi agertzen direla:
Alde batetik, adimen arrazionalak alde logikoa kudeatzen du eta komeni zaiguna ala ez ebaluatzen du. Arazoak konpontzeko informazioa erabiltzeko, ulertzeko, bereganatzeko eta lantzeko gaitasuna da. Beste gaitasun batzuekin lotuta dago, hala nola: pertzepzioa, informazioa emateko eta atxikitzeko gaitasuna, arreta eta memoriaren bidez.
Beste aldetik, adimen emozionala, norbere eta besteen emozioak ezagutu, erabili, ulertu eta erregulatzeko gaitasuna da. Pertsona batzuek beste batzuek baino hobeto identifikatzen dituzte euren emozioak eta ingurukoenak, eta, ondorioz, trebezia handiagoak dituzte arazo emozionalak konpontzeko. Kontzeptua sortu eta bilakatu zuen pertsona Daniel Goleman da, eta, berak esaten zuenez, «gure sentimenduak eta besteenak ezagutzeko, gure burua motibatzeko eta harremanak egoki kudeatzeko gaitzen gaituen trebezia eta jarrera multzoa da». Hala ere, bahiketa neuronalaren bidez jokabide irrazionalak ditugu eta emozioak inpultsuen bidez adierazten dira, horregatik inteligentzia emozionala behar dugu emozioen kudeaketa ona gauzatzeko.
Ondorioz, ikasleek adimen emozionala eraginkorra izateko ezinbestekoa da hezkuntza emozionala garatzea Euskal Herriko hezkuntza curriculumean; izan ere, ez EAEko ez Nafarroako hezkuntza curriculumean ez da aipamenik egiten hezkuntza emozionalaren inguruan. Ikasleek lortu beharreko emozioen erregulazioei buruzko aipu txiki batzuk soilik jasotzen dira, baina ez da zehazten helburu horiek lortzeko bidea zein izan behar den.
Ildo horretan, Unescok “Covid-19aren krisian haurren eta gazteen ongizate sozio-emozionala sustatzea” 2020ko txostenean ziurtatzen duenez, Covid-19aren izurriteak eragin psikologiko handia izan du hezkuntza-komunitatean eta, oro har, gizartean. Ikastetxeen itxierak, urruntze fisikoak, gertuko pertsonen galerak, lanak eta ohiko ikaskuntza-metodoen gabeziak estresa, presioa eta antsietatea eragin dute. Hortaz, Unescok adierazten duenez, hezkuntza emozionaleko trebetasunak garatzeak lagunduko luke egoera estresagarriei lasaitasunez eta erantzun emozional orekatuekin erantzuten. Gainera, gaitasun horiek pentsamendu kritikoa indartzeko aukera emango lukete, egunerokotasunean suertatzen diren arazoen aurrean erabaki egokiak hartzeko.
Hezkuntza emozionala emozioen ikasketa prozesu etengabea eta iraunkorra da, gaitasun emozionalen garapena sustatu nahi du ongizate pertsonala eta soziala areagotzeko helburuarekin. Nabarmendu behar da hezkuntza emozionala eraginkortasunez garatzeko funtsezko faktore bat irakasleen prestakuntza dela. Hala ere, Unescok egindako ikerketek adierazten dute irakasleen %90ek baino gehiagok ez dutela inoiz hezkuntza emozionalari buruzko prestakuntzarik jaso. Beraz, zeregin bat dago irakasleak prestatzeko emozioak eraginkortasunez kudeatzeko eta ikasgelan gaitasun emozionalak eta sozialak bultzatzeko. Euskal Herrian, Gipuzkoako Aldundiak “Gipuzkoan emozioak: ezagutu, ikasi, landu, bizi” programa argitaratu zuen irakasleek ikasleekin hainbat baliabide lantzeko, hauek prestakuntza akademikoaren prozesua amaitzean gaitasun emozionalak eskura ditzaten, ongizate pertsonalaren maila handitzeko eta pertsona arduratsuak bihurtzeko. Baina irakasleek hezkuntza emozionalaren inguruko prestakuntzarik jasotzen ez badute, aipatutako baliabideek ez dute eraginkortasunik.
Laburbilduz, behar adinako garrantzia eman ez zaion arren, hezkuntza emozionalak tokia izan behar du Euskal Herriko hezkuntza curriculumean. Izan ere, hainbat ikerketak erakusten dute alderdi emozionalak ikasleen garapen prozesuetan eta ikasleen ongizatean garrantzizko faktorea direla. Hezkuntza emozionalaren helburua da bizitzako erronkei hobeto aurre egiten lagunduko duten gaitasun emozionalak garatzea, ongizate pertsonal eta soziala edukitzea. Horretarako, hezkuntza emozionala hezkuntza curriculumean ezartzearekin batera, irakasleak heziketa emozionalean prestatu behar dira ikasleek emozioak ongi kudeatzeko eta adimen emozionala bermatzeko.
Aritza Urrengoetxea – Alternatiba
GARAn argitaratua