Gaur goizean Bilboko Konpartsak-en kontra abiatutako jazarpenaren kapitulu berri bat ezagutu izan dugu. Oraingo honetan, Konpartsero Eguna Areatzan egiteko debekua jaso izan dute konpartsakideek. Horren aurrean, Aitziber Ibaibarriaga Bilduko zinegotziak dei zuzena egin dio Azkuna alkateari zuzen dezala eta, behingoz, Bilboko Konpartsak-en kontrako jazarpenari amaiera jar dezala. Bide batez, gogor salatu du oso eztabaidagarria den Espazio Publikoaren gaineko Ordenantzaren Udalak egiten duen erabilpen okerra.
Bilduko zinegotziak uste du Azkunak azken aldi honetan biderkatu dituen mespretxuzko adierazpenek eta jazarpenek ez dutela batere laguntzen iraganeko gatazkak gainditzeko Batzorde Mistoan talde guztiak egiten ari diren esfortzuan.
Jarraian, Ibaibarriagak azpimarratu du Espazio Publikoaren gaineko Ordenantzaren Udalak egiten duen erabilpen okerra. Bilduk bat egiten du aurreko astean Kalea Guztiona da herri ekimenak egindako salaketarekin. Ibaibarriagak gogoratu du Udalak behin eta berriro erabiltzen duela “ez da interes publikokoa” leloa denetariko jarduerak debekatzeko. “Aitzakia horrekin, herritarrei inolako eragozpenik sortuko ez zieten eta espazio publikoaren erabilera pribatibo edo berezirik egingo ez zuten oso jarduera desberdinak debekatu ditu. Jokabide horrek argi erakusten du zein zen udalaren helburua: kalea herritarren gozamenerako eta errebindikazioetarako erabiltzeari mugak jartzea” , gaineratu du.
Ibaibarriagak biharko deialdia mantentzearen aldeko Bilboko Konpartsak-ek erakutsitako jarrera irmoa txalotu du. Honetaz gain, deia luzatu die herritarrei biharko ekimenetan parte hartzeko “Azkunari zein EAJri argi uzteko kalea guztiona dela”. Bukatzeko, Ibaibarriagak bihar Areatzara hurbilduko dela konpartsei babesa emateko iragarri du.