Mahaiaren lana, azkenik, berrikuntza demokratikoan tokian tokiko esparruari eman beharreko lehentasunaz arduratu da, baina eztabaida hau ere ez da zeharo itxi. Batzuen ustez, tokian tokiko esparrua edozein estrategia demokratiko martxan jartzeko oinarrizko abiapuntua da, udala beste esparruen (lurralde historiko, nazio,…) ordezkaritza zutabe izanik. Horrela, demokrazia zuzena eta udala ordezkaritza gune gisan ulertzen duen ideia uztartzen dira. Beste batzuek, ordea, garrantzia estrategikoa aitortzen diote tokian tokikoari baina nazional edo nazio-gaindikoa arindu gabe. Hauen ikuspegitik esparru ezberdinak ez dira udalaren oinarritik abiatzen, baizik eta subjektu politiko ezberdinen arabera antolatzen dira.
Aho batez diote denek tokian tokikoa esparru estrategikoa dela boterean eta parte hartzean, errotik demokratikoak diren esperientziak osatzeko. Erakunde berriari deia egiten zaio, beraz, tokian tokiko demokrazia, botere eta parte hartze estrategia bat gara dezan.
Helburu hau buruan, tokian tokiko demokrazia zuzen egitura eta protokoloak (aholku kontseiluak erabaki subjektu bihurtu, aurrekontu parte-hartzaileen arautzea, informazioaren eskuragarritasun ekitatiboa, herri mugimenduen sustapena,…). Estatu kontrol handiagoa aldarrikatu da irabazien banaketan eta eskubideei loturiko eskubideen praktikan; eta alderantzizkoan, estatuaren kontrol sozial murritzagoa, informazioaren monopolioan,…
Hauxe da, bada, erroko demokraziaren mahaiak proposaturiko agenda, antolatze egitura berriarekin oinarriekin uztartuko dena. Bistan da beraz lan handia dugula aurretik, betiere erabakiak herritarrengandik gertuago jartzeko asmoz kalitateko parte hartzea baliatuta, non ordezkariak herritarraren mendean egongo diren.