“Komunismoa Euskal Herrian ehun urte”, duela hilabete batzuk Gotzon Hermosillak BERRIAn koordinaturiko gaiaren harira, komunismoaren zentzu historikoaren inguruan (munduan eta, batez ere, Frantzian) izandako eztabaida piztu nahiko nuke.
Hau da, Sobietar Batasuna desagertu zenetik eta, batez ere, txinatar “komunismoaren” bilakaera harrigarriaren aurrean, “atzora arte, itxaropen eta promes handien airea zeramaten hitz guztien artean, komunismo hitza izan da higadura gehien jasan behar izan duena Estatuaren arrazoi burokratikoaren preso eta enpresa totalitario baten zerbitzura egon delako” ohartarazi zigun Daniel Bensaïdek.
Bestalde, aspaldiko partez, EPKtik kanpoz (LKI eta EMK beren burua komunistatzat zuten bi alderdiek desagertu zirenetik bederen) badira erakunde berriak “antolakunde komunistak” eraikitzen ari direnak, zeinak pentsatzekoa denez helburu estrategikoak eta programatikoak ez ezik, antolamendu motak ere kontuan dituztenak.
Egitasmo horren inguruan aipatzekoa Rosa Luxenburgok Leninekin eztabaidan, zioena: “Kontuz! Alderdiak ez dezan ordezkatu langileria, komite zentralak partidua eta idazkari nagusiak komite zentrala”. Zoritxarrez, eztabaida hartan arriskutzat ikusten zena gauzatu egin zen. Eta horrek eskola sortu zuen.
Lehenengo eztabaidan sartuta, Stephane Courtoisek koordinatutako “Komunismoaren liburu beltzari” erantzunez, Bensaïd-ek argi baieztatu zuen Estalinismoa ez zela “komunismoaren bariante edo aldaera bat, kontrairaultza burokratiko baten izen propioa baizik. Azken honen testigantzak dira ez soilik prozesuak, purgak, deportazio jendetsuak, baizik eta Estatu sobietarraren aparailuan (eta egun Txinako estatuan) eta gizartean, 30eko hamarkadan gertatu ziren oldarraldiak”. Hori guztia nahikoa, askorentzat, komunismoa arbuiatzeko.
Bensaïdentzat, ordea, “kapitalismoa ordezkatzeko alternatiba izendatzeko beharrezko eta posible diren modu guztietatik, komunismo hitza da zentzu historiko gehien eta karga programatiko eztandagarriena gordetzen duena”. Eta gaineratzen du: “Komunismoa diktadura estalinistarekin identifikatzeari amore ematea, behin behineko garaileen aurrean kapitulatzea eta iraultza eta kontrairaultza burokratikoa nahastea litzateke, eta horrela, bidegurutzeen kapitulua, esperantzari irekia dagoen bakarra, bukatutzat ematea”. Eta hori onartezina iruditzen zitzaion, baita niri ere.
Komunismo hitza oso kaltetua izan da, eta bere jatorrizko zentzua berreskuratzeko ahaleginak eta bost behar dela egin, eta estalinismoa goitik behera arbuiatzeaz gain, hein handi batean oinarrietara itzultzeko gaitasuna demostratu behar dugu. Eta hortik, zoritxarrez, gutxi ikusten dugu aldaera berrietan.
Komunismoa kapitalismoa ordezka dezaken alternatiba bilaka dadin, ezinbestekotzat jotzen dut ekologismoa, feminismoa, antikolonialismoa, eta zenbait egitasmo emantzipatzaile bere baitan txertatzea. Egungo mundua ez baita Marx eta Leninen garaikoa.
Nola gauzatu alternatiba hori? Kapitalismoaren kritikatik komunismoaren baieztapenari jauzi eginez; hori litzateke modurik egokiena, Marxek berak egin zuen bezala.
Izan ere, kapitalaren akumulazioaren logikak exijitzen du ez soilik etekina lortzeko ekoizpena, baizik eta “kontsumo berrien ekoizpena, kontsumoaren zirkuluaren hedapena behar berriak sortuz eta erabilpen-balio berriak sortuz”, hortik dator “natura osoaren ustiapena” eta “lurraren esplotazioa”.
Kapitalaren neurrigabekeria suntsitzaileak gaurkotasuna ematen dio eko-komunismo erradikal bati. Muturreko eskuinaren gorakadaren garaian kalkulu egoistari (norbanakoena zein “gora gu eta gutarrak”, eta gainontzekoak pikutara) eta lehiakorkeria orokortuari kontrajarri daiteken solidaritatea, gizadiaren ondare natural eta kultural komunak, lehentasuna duten premiazko behar eta onuren zerbitzuetara doakotasun-eremua zabaltzea aurre eginez harrapakeria orokortuari eta munduaren pribatizazioari aurre egiteko egitasmoa dena.
Kapitalaren erreinupean, itxuraz aurrerapen den guztiak badu bere beste aurpegia, atzerapena eta suntsipena (krisi klimatikoa lekuko). Besterik ez da, azken finean, “menderakuntza forma aldatzea” baino.
Komunismoak irizpide batzuk eskatzen ditu, eta ez errentagarritasun monetarioaren etekina. Hasteko, lan behartuaren denboraren murrizketa drastikoa eta lana beraren nozioaren aldaketa: ezingo da aisialdian garapen indibidualik izango langilea alienatua eta mutilatua jarraitzen duen bitartean. Ikuspegi komunistak eskatzen du, halaber, gizon eta emakumeen arteko harremanetan aldaketa erradikal bat: aldaketaren premia egongo da opresio harremanak dirauten bitartean, zeren harreman horien pean edozein izaki desberdin, kulturagatik dela, koloreagatik edo orientazio sexualagatik zapalkuntza modu desberdinen biktima izango da. Benetako aurrerapena, hitz batez, honetan datza: beharren garapen eta diferentziazioan, horien konbinaketa bereziak norbanako bakoitza izaki bakarra izan, eta bakoitzaren singularitatea espeziearentzat aberasgarria izan dadin.
Garbi gera dadila Komunismoa ez dela jabetza forma guztien abolizioa (maltzurkeriaz salatzen denez), “egungo jabetza pribatuarena, propietate burgesarena, baizik”, besteen esplotazioaren gain oinarritutako “apropiazio moduarena”.
Manifestuak kontzebitzen duen moduan, komunismoa da “elkartze bat non bakoitzaren garapen librea den guztien garapen librearen kondizioa”. Ez da nahasi behar konformismo publizitarioren menpeko indibidualitaterik gabeko indibidualismo baten mirariekin, ezta ere kuarteleko sozialismoaren berdin zalekeria trauskilarekin.
Bigarren atalaren harira, Manifestuan azaltzen den bezala, Komunismoa mugimendu baten izena da, etengabe ezarritako ordena gainditzen eta abolitzen duena. Parisko Komunak ilustratzen du legitimitate berri horren agerpena. Esperientzia horrek inspiratu egin ditu krisi iraultzaileetan agertu diren auto-organizazio eta autogestio herrikoien formak: langile kontseiluak, sobietak, milizia-komiteak, lerro industrialak, auzo elkarteak, nekazal komunak… politika desprofesionalizatzera, lanaren banaketa soziala aldatzera, Estatua gorputz burokratiko separatua den aldetik desager dadin baldintzak sortzera zuzendutako esperientziak.
Hots! Arazoak arazo, nik uste merezi duela Komunista izaten jarraitzea, nahiz eta jakin, egungo egoera ez iraultzailean, biharko esperantzan, komunistok borroka desberdinetan eta (komunistak ez diren) ezkerreko talde desberdinetan, komunismoaren kimu berriak landatzera mugatuta gaudela.
Joxe Iriarte “Bikila” – Alternatiba
BERRIAn argitaratua